PSNk ez du posible ikusten Ezkioko lotunea
'Euskal Y'-aren Nafarroako lotunearen inguruko eztabaida agenda politikoan da berriz ere. Argi hitz egin du Ramon Alzorriz PSNko eledunak: «Gasteiztik pasatu ezean, ez da egingo».

Ezkio lotunearen inguruko zurrumurruek indar hartu bazuten ere, alderdi sozialistako kideek Gasteizen aldeko apustua berretsi dute egunotan, noiz-eta euskal erakundeak Espainiako Garraio Ministerioaren txostenaren zain dauden honetan. Ramon Alzorriz PSNko eledunak honakoa adierazi du: «Gasteiztik pasatu ezean, ez da egingo».
Alzorrizen esanetan, Euskal Y-a Ezkion lotzea ez da posible, «ez fisikoki, ezta ekonomikoki ere». Argudiatu du ez dela bideragarria «Aralar alde baterantz zein besterantz hogei kilometro zulatzea, akuiferoak suntsitzea eta ingurumenari eraso egitea», eta PSNk ez duela onartuko halakorik egitea.
Hitz horiek erreakzio ugari eragin dituzte, eta kontra azaldu dira Geroa Bai, UPN eta PP. Geroa Baiko eledun Pablo Azkonak «zuhurtzia» eskatu die sozialistei: «Gai serio eta garrantzitsua da Nafarroarentzat». Hain zuzen, koalizio horrek Gipuzkoako lotunearen alde egin izan du, eta Azkonak nahi hori berretsi du, argudiatuta «mapari erreparatu» besterik ez dagoela hura defendatzeko.
Hala, Espainiako Garraio Ministerioari zuzendu zaio, eta eskatu dio ondo aztertzeko azken hilabeteetan mahai gainean jarri den alternatiba. Abenduan, Jose Antonio Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarri idazkariak adierazi zuen Nafarroako AHTa eta euskal Y-a Aralarko mendilerroan barrena lotzeko proiektu alternatibo bat aztertzen ari dela ministerioa, eta inguruetan prospekzioak egiten ari dira orain.