Tolosako hiltegiko langileek greba mugagabearekin jarraituko dute
Hiltegiak Goierri eta Tolosaldeko 400 abeltzaini eta 75 harakini ematen die zerbitzua. Langileek hiru hilabete daramate soldatarik kobratu gabe.

ELA sindikatuak esan duenez, Tolosako hiltegiko langileek greba mugagabearekin jarraituko dute, lehen lanuzte egunean erabateko jarraipen izan ostean.
Sindikatuak gogorarazi du zerbitzu publikoa dela, nahiz eta enpresa kudeatzailea, Industrias Carnicas del Oria (Incarosa), pribatua izan, eta erantzukizunak eskatu dizkio Tolosaldeko Mankomunitateari. ELA-k zerbitzua kudeatzeko eta azken hilabeteetan ordaindu ez diren nominak ordaintzeko eskatu dio mankomunitateari.
Enpresan 11 langilek egiten dute lan eta hiru hilabete daramate soldatarik kobratu gabe. Hiltegiak Goierri eta Tolosako 400 abeltzaini eta 75 harakini ematen die zerbitzua. Incarosa enpresak du hiltegiaren ardura 1995. urtetik eta beste hamar urterako kudeaketa kontratua du oraindik. Enpresak kanpoko kudeatzaile bat jarri zuen azpiegitura zuzentzeko, eta hark iazko abenduan utzi zuen kargua.
«Kontrolik ezaren» ondorio
Grebaren deitzailea ELA sindikatua da, eta hark eta Enba nekazak sindikatuak konponbidea bizkortzeko eskatu diote mankomunitateari. Prozesu horrek, ordea, txosten juridikoa, txosten ekonomikoa eta mankomunitatea osatzen duten 45 udalen oniritzia behar du. Bi sindikatuek gertuagoko kudeaketa eskatu dute etorkizunean, egungo egoera «kontrolik ezaren» ondorio delako haien ustez.