Aliantza feministak eraikitzeko Zaldibian mobilizatuko da Goierriko Koordinadora Feminista
Martxoaren 8an kalera ateratzeko deia egin du Goierriko Koordinadora Feministak, "emakumeek, transek eta bollerek jasaten dituzten zapalkuntzak salatzeko". Zaldibian mobilizatuko dira, eguerdiko 12:30ean.

Goierriko Koordinadora Feministak agerraldia egin du gaur Zaldibian, Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazio nagusia iragartzeko. Berrikuntza nagusiena mobilizazioaren topalekua izango da; orain artean Beasainen, Lazkaon eta Ordizian txandan-txandan egin izan dira matxoaren 8ari lotutako Goierriko mobilizazio nagusiak. Aurtengoan, baina, Zaldibiako plazatik abiatuko dira eguerdiko 12:30ean, “erosotasunetik irten, inertziak apurtu eta herrien arteko saretzea indartzeko”.
Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak lelopean aterako dira kalera, eta, oro har, “emakumeek, transek eta bollerek jasaten dituzten zapalkuntzak” salatuko dituzte. 13:00etan ekitaldi politikoa egingo dute, herriko plazan.
Elena Balerdi, Ixiar Erasun, Aroa Saez de Egilaz eta Aiora Erauskin izan dira agerraldian hitza hartu dutenak. Azpimarratu dute zapalkuntzarako “mekanismo berriak” antzeman direla azkenaldian, eta eskuin muturraren eta faxismoaren gorakada ez dela “urrutian” bakarrik gertatzen: “Sare sozialetan, prentsan, plazako diskurtsoetan eta gertuko bestelako sektoreetan daude feminismoaren kontrako diskurtsoak eta jarrera arrazistak bultzatzen dituzten txutxumutxuak”.
Azaldu dute feminismoa “eraldaketak egiteko ezinbesteko tresna” den heinean, ezkerreko borroka erdigunera ekarri behar dela, “feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista” erdigunean jarriz. Era berean, nabarmendu dute indarkeria matxistaren aurkako borrokan jarraitzea ezinbestekoa dela: “Krisi ekosozialari aurre egin eta migrazio politikak aldatu behar ditugu”.
Babesa eta elkartasuna
Mundu mailan botereguneek “indarkeria poliziala eta gerra” erabiltzen dutela salatu eta gatazka eta gerretan murgilduta dauden herriei “herri babesa eta elkartasuna” adierazi diete, baita “guneetan zein espetxeetan” emakumeek jasaten duten indarkeria matxista gogora ekarri ere. Horrelako kasuetan “aliantzak eraikitzearen garrantzia” azpimarratu nahi izan dute, “bai taldeen artean eta baita herrien artean ere”.
Autobus zerbitzu bereziak
Goierriko Koordinadora Feministak hala eskatuta, Lurraldebusek zerbitzu bereziak jarriko ditu martxoaren 8an, goierritarrak Zaldibiara joan daitezen errazteko. Zerbitzu horiek 10:40ean, 11:20an eta 12:00etan abiatuko dira Beasaingo Renferen geltokitik, 10:50ean, 11:30ean eta 12:10ean geldituko dira Ordiziako Renferen geltokian, eta 11:00etan, 11:40ean eta 12:20an iritsiko dira Zaldibiara, Bilore lantokia zegoen papera. Itzultzeko ordutegia honakoa izango da: 13:30ean, 14:00etan eta 14:40an irtengo dira Zaldibiatik, eta 13:40an, 14:10ean eta 14:50ean geldituko dira Ordizian, eta 13:50ean, 14:20an eta 15:00etan iritsiko dira Beasainera. Bestalde, herri sareetan aparkalekuak egokituko dituztela esan dute.