Aurrera doaz Zubizkitzako lanak
Zoladura hondatua berritzea, uraren hornidura-sarea eguneratzea eta argiteria publikoaren sistema hobetzea dira lanak. Apirilaren 15ean bukatzea aurreikusi du udalak.

Aurreneko bi faseak amaitutzat emanda, urtarrilean hasi zituzten Lazkaoko Zubizkitza auzoa berrurbanizatzeko hirugarren faseko obrak, hiri-ingurunea eta jasangarritasuna hobetzeko udal konpromisoa hartuta: zoladura hondatua berritzea, eta, haren ordezko bat jartzea, erresistenteagoa, iraunkorragoa eta egungo irisgarritasun-estandarretara egokitua egongo dena; uraren hornidura-sarea eguneratzea, galerak murrizteko eta hornidura eraginkorragoa eta iraunkorragoa bermatzeko; eta argiteria publikoaren sistema hobetzea leudeke egin beharreko lanen artean.
Hiru hilabeteko epearen barruan gauzatzea aurreikusten zuten urtarrilean, eta udalak helarazi berri duen oharrean adierazi duenez, lanak aurreikusitako planaren arabera, «erritmo onean» aurrera doazela berretsi du, eta apirilaren 15ean amaitzea aurreikusten du. «Herritarrentzako eragozpenak murrizteko» garatu da fase desberdinetan, konkretuki, hiru fasetan.
Instalazio berrien garapena
Gaur egun, 11-15 eta 15-25 atarietan ia amaitu dira ur-hornidura eta argiztapenerako instalazio berriak, baita espaloien berritzea ere, baina gune horietan asfaltatzeko eta zuhaitzak landatzeko lanak egiteke daude oraindik. 16-20 eta 25-30 atarietan, berriz, datorren astean hasiko dituzte instalazio-lanak eta espaloien hormigonatzea. Bien bitartean, 1etik 10era bitarteko zatian, oraindik ez dira lanak hasi.
Bestelako eguneraketak
Zoruaren berritzeaz gain, ur-hornidura sarea ere eguneratzen ari dira galerak murrizteko eta horniduraren eraginkortasuna hobetzeko. Horrez gain, kontsumo txikiko argiztapen-sistema berriak ere instalatuko dira, besteen artean, auzo osoan argiztapen uniformea bermatzeko, segurtasuna areagotzeko eta energia aurrezteko. Orotara, berrurbanizazioaren hirugarren fase honek 2.376 m²-ko eremua hobetzea du helburu.