Irati Zubizarreta mendi lasterkariak erradioa hautsi du
Joan den larunbatean bizikletan entrenatzera zihoala istripua izan zuen. Ebakuntza egin diote.

Irati Zubizarreta mendi lasterkari beasaindarrak agur esan beharko dio denboraldiari. Zubizarretak berak sare sozialen bidez zabaldu duenez, iragan larunbatean, bizikletan entrenatzera zihoala istripua izan zuen. Kolpearen ondorioz erradioa hautsi zuen eta desplazatu egin zitzaion. Hori dela eta, ebakuntza egin behar izan diote eskumuturrean. Orain, osatu eta errekuperazioa egin beharko du.
“Denboraldiari heltzeko motibazio handia nuen eta indartsu sentitzen nintzen, nahiz eta helburu handiegirik jarrita ez izan. Euskal Herri mailako hainbat lasterketatan parte hartzeko intentzioa nuen batik bat, eta denboraldiak aurrera egin ahala, helburu berriak finkatzen joatea zen nire asmoa, baina momentuz, itxaron egin beharko du horrek. Erabat osatu beharra daukat lehenengo”, adierazi dio lasterkariak Goierriko Hitzari. Iragan asteburuan Ormaiztegin jokatu zen Sahara krosean parte hartzekoa zela kontatu du, datorren asteburuan, berriz, Asturiasen Cangas de Onis herrian jokatuko den lasterketa batean parte hartzeko dortsala duela, eta martxoaren 15ean Beasaingo Bealak mendi lasterketan ere parte hartzekoa zela, besteak beste.
Lasterketak alboratu behar izan baditu ere, animoz “ondo” aurkitzen dela nabarmendu du, eta egun hauetan animo mezuak bidali dizkioten denei “eskerrak” eman nahi izan dizkie.