Landa eremuko lursailak digitalizatzeko hirugarren fasea abiatu dute
Digitalizatuko diren lur sailetako jabeak elkartu ditu Beasaingo Udalak prozesuaren inguruko xehetasunak emateko. Bertaratu ez zirenei udaletxera hurbiltzeko deia egin die.

Landa-lurzoruan dauden partzelak digitalizatzeko eta mugatzeko lanekin jarraitzen du Beasaingo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak diruz lagunduta, eta Geograma enpresaren laguntzarekin. 2023 urtean abiatu zuten prozesua, eta dagoeneko, hirugarren faseari emango diote hasiera.
Erronka «handia» dela adierazi dute Udaletik, «Beasaingo udalerriko landa lurzoruaren hedadura dela eta». Hori horrela, fase desberdinetan ari dira garatzen prozesua. Udaletik helarazi duten informazioaren arabera, lehen fasean udalerriko 8. poligonoko landa-partzelak mugatu zituzten. 2024an bigarren fasean, 3, 4, 5, eta 6 poligonoetakoak, eta orain, 1, 2, 9, 10 eta 11koak.
Hirugarren fasea aurrera eraman ahal izateko, udaletxera deituak izan dira azken poligono hauetan lursailak dituzten jabeak, prozesuari buruzko informazio zehatza emateko eta lankidetza eskatzeko. Bertaratu ez zirenei udaletxera hurbiltzeko deia luzatu die. Udalak gogoratu du, lur-jabeen parte hartzea borondatezkoa dela, eta ez diela inolako gastu ekonomikorik eragingo.
Lursailen mugak digitalizatzeko prozesuan, ezinbestekoa da lur-jabeen laguntza izatea lanak behar bezala egin ahal izateko. Lur-jabeek lur eremu arteko mugak eta mugarriak adostu behar dituzte mugakideekin, baita lursailak garbitu teknikariek beraien neurketak burutu ahal ditzaten. Lanak egin ondoren, titularrei planoak emango dizkiete, markatutako mugekin eta mugarrien koordenatuekin, eta, behar izanez gero, katastroko mugak zuzenduko dira udalak jakinarazi duenez.
«Funtsezkoa» denentzat
Beasaingo Udalaren esanetan, «ingurumenaren jasangarritasuna sustatzeko digitalizazioa tresna baliagarria da oinordetza prozesuak arindu eta lursailen kudeaketa optimizatzeko».
Udalaren ikuspuntutik, segurtasun juridikoa hobetzen du jabetza-mugengatiko gatazkak murriztuz, lurzoruaren kudeaketa optimizatzen du eta administrazio-izapideak arinduz. Katastroan dauden datuei dagokienez, edozein akats edo eguneratze falta ere konpontzen du. Gainera, azpiegituren plangintza, ingurumen-kontrola eta laguntza publikoen bilketa errazten ditu.
Lur-jabeentzat, beren lursailei buruzko ziurtasuna handiagoa izatea dakar, eztabaidak saihestuz eta beren eskubideak bermatuz. Salerosketa, herentziak eta nekazaritzako diru-laguntzak eskuratzea ere errazten du. Oro har, digitalizazio horrek landa ekonomia bultzatzen du, lurralde kudeaketa modernizatu eta gardentasuna eta eraginkortasuna ematen ditu.