X. Legoreggae jaialdia, hamar talderekin
Martxoaren 29an egingo dute Legorretako kiroldegian hamargarren reggae musika jaialdia. Urteurren borobila ospatzeko hamar taldek osatuko dute kartela. Sarrerak salgai daude.

Legorretako reggae jaialdiak, Legoreggae festibalak, 10. edizioa beteko du aurten eta hamar talderekin osatu du kartela. Martxoaren 29an Harripila kiroldegiko oholtzan izango diren hainbat musika talderen berri eman dute dagoeneko antolatzaileek. Jaialdirako sarrerak salgai daude, 20 euroan.
Parte hartuko duten taldeak ondorengoak dira:
- Lua Matheus: “Bere zainetatik dabilkion energia afro-latindarrarekin dantzan jarriko gaitu!”.
- Eira (Eider Elortza). “Gure sistak ahots indartsu zein goxoarekin dantzan jarri izan gaitu maiz eta, aurtengoan ere, ez dugu zalantzarik halaxe egingo duela”.
- King Konsul. “Reggaearen euskal Konsula!!. Gure oholtzan esperientzia handia duen artista dugu. Askotan izan dugu aukera bere ahotsaz gozatzeko eta X.edizioan ere hala behar zuen!”.
- Revolutionary Brothers. “Gure anaiak!! Hamar urtez elkarrekin antolatu dugu jaialdia eta, urteurren honetan, beraiek eszenatoki gainean izatea ezinbestekoa da”.
- Marabiyak Sound. “Bai, bai, baii!! Aurten ere gurekin izango ditugu Marabiyak Soundeko gure lagunak. Aurreko jaialdian ikaragarrizko giroa jarri zuten, denak dantzan jarri gintuzten eta aurten ere berdina lortuko dutela ziur dugu! Plazera da guretzat jaialdiari hasiera beraiekin ematea”.
- Proteje: “Ohore ikaragarria da Proteje Legoreggaeren 10. edizioan izatea. Europan zehar egingo duen In search of Zion tourrean Euskal Herrira etorriko da guregana. Ez galdu Protojez gozatzeko aukera hau. Argi dugu eta ahaztezina izango dela!”.
- Band Sound. “Plazer bat da, beste behin, Euskal reggae eszenako aitzindari den Band Sound gurean izatea. Itzela izan zen 2022ko jaialdian sortu zutena eta halaxe izango da X.edizio honetan ere!”.
- Tippy I. “Adi, reggae zaleak! Tippy I LegoReggae jaialdira dator bere energia eta bibrazio positibo paregabeekin. Ekoizle, abeslari eta selector gisa, roots eta dub musikaren eboluzioan funtsezko figura izan da. Jamaikako artista ospetsuekin kolaboratu du, hala nola Akae Beka, Lutan Fyah eta Pressure Busspipe. Gurean, Proteje artistarekin batera egongo da oholtza elkarbanatzen. Bere erritmo hipnotikoekin eta mezu sakonekin, Reggaearen espiritua bizirik dago LegoReggae jaialdian”.
- Erreugiñak. “Ederra izango da bi ahizpa hauen musikaz X.edizioan gozatu ahal izatea. Jamrock-ean ezagutu genituen eta orduztik Legoreggaen egotea nahi izan dugu”.
- Skareggekasko. “Energia handiko euskal banda gazte hau izango dugu X.edizioa sutan jartzen. Beraien rural tropic estiloarekin, reggae eta ska doinuez gozatzeko aukera izango dugu!”.
Sarrerak salgai:
– Legorreta: Olaso, Insausti, Jubi eta Ezkizu.
– Ordizi: Kirkil taberna.
– Beasain: Koiote zaharra taberna.
– Tolosa: Baserri taberna.