Batzuek mendiari su eman eta besteek 1.000 zuhaitz baino gehiago landatu
Joan zen ostiralean, 15 hektarea erre ziren Izazpi mendian. Hurrengo egunean, Urretxu eta Zumarragako Bizikik kuadrillako kideak 1979ko otsailaren 25ean Pagotxoetan landatu zuten basoa bisitatzera joan ziren.

Joan zen astean bi sute izan ziren Gipuzkoan: bata Hernion eta bestea Izazpin. Itxura guztien arabera, bi suak norbaitek piztu zituen mendia erretzeko asmoz. Zorionez, Izazpi inguruan dena ez zen txarra izan joan zen astean. Larunbatean, Urretxu eta Zumarragako Bizikik kuadrillako kideek duela 45 urte Pagotxoetan landatutako basoa bisitatu zuten. Kuadrilla honek Pagotxeta Berri talde ekologistaren sorreran eta naturaren aldeko hainbat ekimenetan parte hartu zuen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan.
Imanol Garro kideak kuadrillari buruzko liburua idatzi zuen duela urte batzuk. Bertan, landaketaren berri ematen da. Oargui elkarteak hasieran mendi saila bakarrik zuen, baina ondoren hainbat sail sortu ziren. Besteak beste, Pagotxeta Berri talde ekologista. Talde horren arima Bizikik kuadrillako kideak ziren. Pagotxeta Berri taldeak trintxera eta erreka garbitu zituen eta aipatutako landaketa egin zuen, besteak beste. Landaketan Jesus Mari Orbegozok, Martin Agirrek eta Xabier Agirrebengoak lagundu zieten.
Udalaren laguntza
Asko kosta zitzaien Zumarragako Udalaren laguntza lortzea. «Inguruko baserritarrek gure ideiak ez zuela zentzurik zioten. Beraien ustez, inguru hartan pagoak ez ziren haziko, ez baitzuten babesik. Inguru hark Pagotxoeta izena badu, garai batean pagoak zeudelako dela erantzun genien. Gainera, argi zegoen baserritar haiei ez zitzaiela zuhaitzik landatzea komeni, zaldientzako eta ahuntzentzako larreak behar baitzituzten. Garai batean udalak pinuak landatu zituen eta norbaitek su eman zien. Urte bat kosta zitzaigun udala konbentzitzea», jaso zuen Garrok Bizikik kuadrillari buruzko liburuan.
Udalaren laguntza lortu ondoren, 1978ko apirilaren 1ean kalekume haiek hesolak egiteari ekin zioten. 600 behar zituzten, lau hektareako lursaila hesitzeko. Hesolak gaztainondo egurrarekin egin zituzten. Astebururo elkartzen ziren. Hesolak egiteko orduan Agirrebengoaren laguntza izan zuten, bera baitzen enborrak mozten zekien bakarra. Lana urrian bukatu zuten: ekainean, uztailean eta abuztuan oporrak hartu zituzten.
Hesolak egin ondoren, lursaila garbitzeari ekin zioten. 1979ko urtarrilean eta otsailean lursaila itxi zuten. 1979ko otsailaren 25ean lehen landaketa egin zuten. Landaketan lagunek, senitartekoek eta beste zumarragar askok ere parte hartu zuten. Tartean, Bonitxiki famatuak. 500 pago landatu zituzten. Ondoren, txorizoarekin eta ardoarekin indarrak berritu zituzten.
Ekologia Astea
Hurrengo urtean, 1980an, Ekologia Astearen lehen edizioa antolatu zuten. Jose Maria Busca Isusik eta Iñaki Linazasorok hitzaldiak eman zituzten eta Harrisburg-eko (AEB) zentral nuklearreko istripuari buruz hitz egin zuten, besteak beste. Gainera, beste 200 pago, 200 urki eta 200 lizar landatu zituzten Pagotxoetan. Herrigunean ere zuhaitzak landatu zituzten.