Ezkioko harrera etxea inauguratu dute
Ezkioko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek hartu dute parte ekitaldian. Harrera etxea Argindegi eraikineko pisu batean egokitu dute eta lanak 150.000 euro pasatxo kostatu dira.

Argindegi harrera etxearen inaugurazio ekitaldia egin dute gaur eguerdian Ezkion. Joseba Telleria Ezkioko alkateak; Belen Larrion, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuko haurren babeserako, gizarte inklusioko eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arretako zuzendariak; eta Arantxa Ariztimuño, aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako idazkari nagusiak hartu dute parte ekitaldian. Ezkioko Udaleko zinegotziak eta hainbat herritar ere gerturatu dira harrera etxea bertatik bertara ikustera.
Harrera etxea “herri txikietan ere beharrezkoak diren” zerbitzuen adibidetzat jarri du Telleriak gaurko agerraldian. Etxearen helburu nagusia “behar bereziren bat sortzen zaion edozein herritarri babesa ematea” dela adierazi du. Behar bereziak bezala izendatu ditu “sute bat, osasun arazoak edo zaurgarritasun egoeraren bat suertatzea”. Ezkio bezalako herri txiki batentzat horrelako proiektu bat bakarrik egitea ezinezkoa dela azpimarratu du eta foru aldundiaren aldetik jasotako laguntza eskertu du eta herri mailan egin den lana azpimarratu.
Harrera etxea ikusteko aukera izan duten herritar guztiek begi onez ikusi dute proiektua. “Hona etorriko dena ez da bere gustuz etorriko, egoera berezi batek baldintzatuta etorriko da eta garrantzitsua zen herriaren babesa sentitu eta gustura egoteko leku bat ahalbideratzea”, gaineratu du.
Elkarlana proiektuaren oinarria
Larrionek elkarlanari eman dio garrantzia, eta aldundiak Ezkioko harrera etxearen aldeko “apustu irmo eta sendoa” egin duela adierazi du. Aipatu duenez, aldundiarentzat garrantzitsua da oinarrizko zerbitzuak “tamaina guztietako herrietan” ahalbidetzea.
Ariztimuño zegamarrak ildo beretik hitz egin du; “oso zaila da horrelako proiektu bat elkarlanik gabe aurrera eramatea, are zailagoa herri txikietan”. Aldundiko bi departamentuk egin dute bat proiektuaren alde eta horrek oso ondo irudikatzen du Ariztimuñoren irudiko “helburu amankomunekin denok bateratuta emaitzak ere hobeak izaten direla”. Lurralde Orekarako departamentutik “herri txiki biziak” sustatzen saiatzen direla adierazi die bertaratu diren herritarrei “herri txikietako biztanleek ere bizi kalitate bat izan dezazuen”.
Etxebizitzaren behin behineko izaera azpimarratu du Telleriak, “ez da alokairu sozialeko etxebizitza bat izango, momentu puntualetan erabiltzeko etxe bat izango da eta beti ere epe motzerako”. Harrera etxearen erabilera arautzen duen ordenantza oraindik ez dago behin betiko izaeraz onartuta. Behin, behin betiko izaera onartuta jarriko dute erabilgarri.
Ezkioko kaskoan
Argindegi eraikina Ezkioko kaskoan kokatuta dago, Ostatuaren alboan. Eraikin horretako pisu bat egokitu dute harrera etxe gisa. Lanek guztira, 150.586,46 euroko kostua izan dute; Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso dute lan hauetarako, 117.826,40 euro guztira. Diru laguntzak bi lerrotatik jaso ditu Ezkioko Udalak; batetik, aldundiaren landa garapenerako proiektuetarako departamentutik 54.705,40 euro eta bestetik, gizarte zerbitzuen zentroetako inbertsioetara zuzendutako 63.121 euro, bestetik.