Naroa Elizalderen omenaldia eta binakako partidak bertan behera gelditu dira
Zumarragako Udalak babes osoa erakutsi die senitartekoei eta lagunei. Partidak beste data batean jokatuko direla iragarri dute. Ados pilotak jakinarazi duenez martxoaren 29an Labriten egingo da omenaldia.

Zumarragako Udalak jakinarazi du biharko emakumezkoen binakako txapelketako partida eta zendu berri den Naroa Elizalde pilotari nafarrari omenaldia bertan behera geratu direla. Honela dio oharrak:
“Bihar, Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatzekoa zen Binakako Pilota Txapelketako partida eta Naroa Elizalderen omenaldia bertan behera gelditu dira. Zumarragako Udalak familiari, ingurukoei eta Ados pilota elkarteari babes osoa eskaini nahi die momentu latz hauetan”.
Ados pilotak jakinarazi duenez martxoaren 29an, Binakako Txapelketaren finalean, Iruñeko Labrit pilotalekuan egingo da pilotari gaztearen omenaldia.
Biharko partidak beste data batean jokatuko direla iragarri du Udalak.