Lehen aldiz, Periazoka egingo dute martxoaren 16an Gaintzan
21 ekoizlek osatuko dute azoka. Arkume jana ere egingo dute. Autobus zerbitzu berezia izango da Gaintzara joateko.

Martxoaren 16an, igandean, Gaintzara joateko gonbita luzatu dute gaintzarrek. Izan ere, lehenengo aldiz, Periazoka antolatu baitute herrian. Antolaketa taldeko Larraitz Garmendiaren esanetan, «Gaintzako emakume talde baten ekimenez» antolatu dute azoka eta egun osoko festa. «Udalak baimena eman ondoren, lantaldea sortu genuen, elkarrekin lanean hasi ginen… Horrek herrian giroa sortu du, kohesio bat, antolaketa bat denon artean. Ideia bera polita izan da, baina herrian sortu den giroa ere bai».
Goierriko eta inguruko 21 ekoizle elkartuko dituzte: «Polita izango da. Goierri, Tolosa, Nafarroatik, Gasteiztik… etorriko dira 21 ekoizle. Denetarik izango da salgai: elikagaiak, eztia, esnekia, ogia, haragia, pitxiak, liburuak, poltsak, txotxongiloak…». 10:30etik 14:00etara egongo da azoka zabalik. Eguraldi ona eginez gero, herrian bertan, plazan eta elizaren bueltan jarriko dituzte azokako mahaiak. Euriarekin, pilotalekuan. «Ekoizleen lana aitortzeko egun polita izango da».
Azoka baino gehiago
Dena den, azoka baino gehiago izango da martxoaren 16ko eguna, egun osoko egitaraua antolatu baitute: Musika, magia, txakur trebatuen erakustaldia… eta herri bazkaria antolatu dituzte. Arkume jana egingo dute herriko pilotalekuan, «Gaintzako arkumea, gaintzarrek prestatua». Bihar da txartelak erosteko azkeneko eguna.
Martxoaren 16an Gaintzara joateko autobus zerbitzu berezia antolatu dute, baina beste aukera bat, oinez joatea da. «Jakintza Ikastola Erasmus proiektuaren barruan, eta Gaintzako Udala elkarlanean berreskuratzen ari diren Peribidearen proiektuarekin ere badu lotura Periazokak. Garai bateko bidea berreskuratzen ari gara, Gaintzatik Ordiziako azokaraino eramango duen Peribidea».
Dagoeneko arrakasta izan du Periazokak, herritarren artean herri giroa eta kohesioa lortu dituelako. Orain, goierritarrei eta ingurukoei dagokie, gaintzarrek eta ekoizleek egindako lanari aitortza egitea, martxoaren 16an Gaintzara joanez, eta kontsumituz.
Egitaraua
- 10:30: Azokari hasiera emango zaio.
- 12:00: Txakur trebatuen erakustaldia plazan.
- 14:00: Azokaren amaiera.
- 16:30: Trikitixa emanaldia hiru soinujoleren eskutik.
- 18:00: Alain Zulaika ilusionistaren magia ikuskizuna.
Bazkarirako txartelak
- Haurren menua: Makarroiak, solomoa eta izozkia. 8 euro.
- Helduen menua: Entsalada mista, arkume errea, mamia edo izozkia. 20 euro.
- Izen ematea: Udaletxean, 943 88 95 64 (tiketa ordaindu eta eskuratu), edo Whatsappez, 660 857 785 (posta elektronikoa eman, Bizumez ordaindu eta txartelak postaz edo Whatsappez jaso).
Ekoizleen zerrenda
- Uetako Etxaldea: Izaro Zubiria – Mikel Olaetxea (Lizartza). Behi haragia ekoizten dute, eta Gaintzan panelak eta informazio orriak erabiliz salgai daukatena erakutsiko dute.
- Beñat Telleria (Mutiloa). Behi gazta ekologikoak.
- Eguzki artisau okindegia: Leire Saizar (Amezketa).
- Ageda Zeberio-Eugenio Elortza (Segura): Eztia.
- Agerria ahate produktuak: Maider Lasa (Aia).
- Larreta esnekiak: Leire Larreta (Orendain).
- Agurtzane Alkaiaga (Ibarra): oihalez lagundutako produktuak.
- Naiara Gorostiaga (Zizurkil). Bitxiak.
- Mairi kosmetika naturala: Ana Gorostizu (Arama).
- Haritxoa: Olatz Telleria (Hernialde).
- Dilin dalan: Lide Lertxundi (Tolosa). Bitxiak.
- Iñaki Jauregialtzo (Gasteiz): zeramika.
- Tanay: Tanay Andrea (Albiztur): dekorazioa.
- Keke: Mercedes Bilbao (Zarautz). Bitxiak.
- Ilagin: Sara Garmendia (Gaintza). Harilanak.
- Hemendik Hara (Tolosa): Arropa.
- Eskuz: Maria Jesus (Tolosa). Arropa.
- Izaskun Robledo (Nafarroa). Txotxongiloak.
- Jesus Mari Garate (Donostia). Egurra.
- Betzaida Urtatza (Legorreta). Ipuinak.
- Endanea: Josune Gonzalez (Aduna). Landareak.
Martxoaren 16an Gaintzara joateko autobus zerbitzu berezia
Udalak aldundiari eskaera egin dio martxoaren 16an autobus zerbitzu berezia jartzeko. Azahara Dominguez diputatuaren esanetan, «gainerako udalerriekin egin dugun bezala, elkarlanean dihardugu hainbat ekitaldi eta festatan garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta herritarrek modu jasangarrian, erosoan eta seguruan goza dezaten, ibilgailu pribatura jo beharrik gabe».
Martxoaren 16an, autobusak Ordiziako Renferen geltokitik abiatuko dira 11:15ean, 11:50ean, 12:00etan eta 12:25ean, eta ondorengo ibilbidea egingo du: Ordizia-Oteginea (11:18an, 11:53an, 12:10ean eta 12:28an), Zaldibia-Bilore (11:25ean, 12:00etan, 12:20an eta 12:35ean) eta Gaintzara 11:35ean, 12:10ean, 12:45ean eta 12:30ean iritsiko dira. Itzultzeko, autobusak Gaintzatik abiatuko dira 14:00etan, 14:35ean, 17:15ean eta 17:50ean.

Azahara Dominguez diputatua eta Jon Gorrotxategi Gaintzako alkatea.GFA.