CAFek 100 milioi baino gehiago irabazi ditu 2024an eskarien errekorrarekin
Mozkina %16 eta salmentak %10 igo dira.

CAF enpresak hazkunde nabarmena izan zuen 2024 urtean, bai mozkinetan, bai salmentetan. 103 milioi euro garbi irabazi zituen, %16 gehiago, eta 4.212 milioi fakturatu zituen, %10etik gorako igoeraren ondoren. Epe ertain eta luzerako aurreikuspenak ere onak dira; izan ere, eskaera-zorroa errekorrean dago, 14.695 milioitan, %3ko igoeraren ondoren, 2024an jasotako 4.707 milioiko enkarguengatik, nahiz eta lan-karga berriaren sarrera %1 murriztu zen 2023arekin alderatuta.
Trenen negozioa salmenten %55a izan zen. Mantentze-lanek, errentagarritasun-marjina handiena ematen dutenak, diru-sarreren guztizkoaren %23 osatu zuten. Solaris autobus-filialak fakturazioaren %10 suposatu zuen, eta beste %12 zerbitzu integralen eta sistemen banaketari dagokio.
Merkatuen arabera, Europak jarraitzen du bezero nagusi gisa, negozio osoaren %58a dena; Espainiak %18a suposatzen du eta Amerikak %13a. Azken horri dagkionez, CAFek Estatu Batuetan lehorreratu nahi du datorren urtean, Solarisen autobus elektrikoen fabrika batekin.
2024ko emaitzen ondorioz, akzio bakoitzeko 1,34 euroko dibidendua banatuko du CAFek, aurreko ordainsaria baino %21 handiagoa. Burtsan, akzioak %7ko balioa hartu zuen aurreko ekitaldian eta Beasaingo enpresak %30eko igoera potentziala duela defendatzen du. Pasa den asteazkenean titulu bakoitzeko 37,80 euroko kotizazioarekin itxi zen, %4,13 gehiago.
2025 urterako aurreikuspenei dagokienez, salmentetan hazkunde nabarmena espero du CAFek. Tren-merkatuari dagokionez, “aldeko” estimazioak egin ditu, eta autobus elektrikoen merkatuan gero eta egoera hobean aurkitzen da, Solaris liderra delarik Europan.
Gauzak horrela, CAFek finkatu dituen helburuak betetzeko konpromisoari eusten dio. Horien artean, salmentak 4.800 milioi inguruan kokatzean ditu.