Etnografia ondarea babesteko beka deialdia
Igartubeiti eta San Telmo museoek Galbahe ikerketa beka aurkeztu dute. Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 25era arte egongo da zabalik.

Ezkioko Igartubeiti baserri museoak eta Donostiako San Telmo museoak lankidetzan, Gordailuaren (Gipuzkoako ondare bildumen zentroa) aholkularitzarekin, etnografia ondarea ikertzeko eta zabaltzeko Galbahe ikerketa eta dibulgazio bekaren lehenengo edizioa aurkeztu dute. Beka bi erakunde hauen bilduma etnografikoetan oinarrituko da euskal landa gizartea aztertzeko diziplinarteko berrinterpretazioa edo elkarrizketa proposatzeko. Galbahek sei hilabeteko iraupena izango du eta ekaina eta azaroa bitartean gauzatuko da.
Deialdiaren helburua ondare etnografikoari buruzko dibulgazio proiektuak garatzen laguntzea da, ondare horren gizarteratzea sustatzeko. Bekak euskal kulturaren aztarna materialak berrinterpretatzen eta begirada eta diskurtso berriak formulatzen lagundu nahi du, baita ondare eta herentzia hori zabaltzen ere.
Parte hartzeko baldintzak
Deialdia Gipuzkoan erroldatutako adinez nagusi diren eta Gizarte Zientzia eta Humanitateetako unibertsitate ikasketak dituzten banakako pertsonei edo eta lantaldeei zuzenduta dago. Ikerketa egiteko formatua irekia da eta interesatuek modu librean aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak: argitalpena, erakusketa, topaketak, eztabaidak… Proiektua euskaraz egingo da eta hala nahi izanez gero, gaztelaniara itzultzeko aukera ere egongo da. Egiten diren lanak originalak eta aurrez argitaratu gabeak izan beharko dute. Lanak bi museoetako bilduma etnografikoetan oinarrituko dira.
Deialdiari eta oinarriei buruzko informazio zehatza bi museoen web guneetan dago eskuragarri. Parte hartzeko eskatutako dokumentazioa posta elektronikoz bidali beharko da apirilaren 25a baino lehen. Bekaren ebazpena maiatzaren 16tik aurrera jakinaraziko da. Interesatuek igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera jo dezakete zalantzak argitzeko.