Irakurle gaztetxoek ere badute literatur kluba Legazpin
Mireia Delgado irakurketa bitartekari dutela, liburuen munduan modu atsegingarrian eta alaian murgiltzea da helburua. Oraindik badago tokia.

Legazpiko Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasle talde banak hitzordua izaten du hilean behin Udal Liburutegian, liburu bati buruz modu alaian eta entretenigarrian hitz egiteko. Haurren literatur klubeko kideak dira, eta Mireia Delgado bitartekari dutela, literaturaren munduan murgiltzen ari dira.
Iazko urrian hasi zuten ikasturtea, eta hilaren 17an dute hurrengo hitzordua irakurle gaztetxo hauek. 16:45ean elkartuko dira LH3koak, eta 17:35ean LH4koak. Klub berezi honetan badago lekua oraindik, eta udal liburutegiarekin harremanetan jartzea besterik ez dago informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko.
Esperientzia atsegina
Limbo planeta eta Jakelinen egunerokoa dira literatur klub berezi honetako kideak azken hilabete honetan irakurtzen ari diren tituluak, eta Oharra eta Ez duzu sinetsiko izan dira otsaileko saiorako liburuak. Liburutegiak berak uzten dizkie liburuak, eta bakoitzak ale bat eramaten du etxera, hilabeterako. «Ez da derrigorrezkoa liburu osoa irakurtzea», dio Delgadok. «Garrantzitsuena da liburutegian elkartzen garenean liburuari buruz hitz egitea, eta liburuez inguratuta, esperientzia atsegin bat bizitzea».
Horretarako, saio entretenigarriak planteatzen ditu irakurketa bitartekari honek: «Galderak eginez, adibidez, gehien gustatu zaien pertsonaiaz, edo liburuan azaltzen diren gaiak marrazteko eskatuz». Saioetan ozen ere irakurtzen diete, gero haurrek irakurri dezaten. «Oso garrantzitsua da hori, batez ere hizkuntza menperatzen ez den kasuetan, nola ahoskatzen den entzuteko, hitzaren azentua non dagoen antzemateko, koma eta puntu baten artean dagoen aldea ikusteko…».
Kontua da haurren ondoan egotea irakurketa prozesuan, «berez, irakurketa zaila delako, eta zaila den gauza bat ezin delako bakarrik» egin. «Askotan haurrak oso bakarrik uzten ditugu irakurtzeko. Agian badakite deskodifikatzen, baina ez da nahikoa deskodifikatzen jakitea testua ulertzeko, edo artefaktu hori, liburu hori osotasunean disfrutatzeko».
Hain zuzen, gozatzeko espazioak ere garrantzia du, eta espazio hori irakurketa taldeak berak eskaintzen die haurrei, eta horretan eraikitzen diren harremanak oso garrantzitsuak direla azpimarratzen du.
Irakurtzeko zaletasuna
Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak erein zuen aspaldi haurrentzako irakurketa kluben hazia, eta Legazpira, elkarte horrekin proiektu bat baino gehiago elkarlanean jorratu duen Mireia Delgadoren bidez iritsi da.
Legazpiko irakurleak era askotakoak dira, eta badira irakurtzea oso gustuko dutenak, hizkuntzarekin zailtasunak dituztenak, eta irakurketaren aurkako jarrera dutenak. Guztiak zaku berean sartu, eta liburuen munduaz gozatu dezatela da Delgadoren eginkizuna.
Horrelako taldeak adin askotako haur eta gazteentzat dira aproposak. Legazpiko bi taldeetako irakurleak 10 urte ingurukoak dira. «Beraien kabuz irakurtzen hasten diren adina dute, eta hor gertatzen dira abandonu handienak. Txikiagoak direnean helduok irakurri eta irakurri egiten diegu, baina iristen da une bat bakarrik uzten ditugula. Guk irakurtzen diegunean pentsatzen dugu haurrek ez dutela ezer egiten, ez dutela aurreratzen irakurketa prozesuan, eta ez da horrela». Haurren ondoan jarraitu beharra aldarrikatu du berriz ere Delgadok.
Proposatzen zaizkien liburuen garrantzia ere nabarmendu du, «adinaren arabera daude sailkatuta argitaletxetan, liburu dendetan, liburutegietan… eta kontuan eduki beharreko datua da, baina ez bakarra; kontuan izan beharko litzateke baita ere haurrak ze interes duen momentu horretan, ze kezka, ze pena… ».
Haurra irakurtzeko ohitura galtzera iristen bada, ohitura hori berreskuratu dezakeela ere uste du. «Egia da gauza asko daudela kontran, baina nik itxaropena badut».