Musika Eskolako obrak abiatzeko kreditu aldaketak eztabaida sortu du
EAJren bozekin bakarrik onartu da kreditu aldaketa. Obrak ekainaren 2an hasiko direla aurreratu du Udal gobernuak.

Loinatz Udal Musika Eskolaren eraberritze proiektua abiarazteko kreditu aldaketa onartu zen otsaileko osoko bilkuran. 375.000 euroko inbertsioarekin, lanak ekainaren 2an hasiko direla eta irailaren hasieran amaituko direla iragarri du Udal Gobernuak.
Osoko bilkuran aurreratu zutenez, «eraikina gutxieneko baldintzetara egokitzea, espazio faltari konponbidea ematea eta azpiegituretako funtsezkoak diren alderdiak hobetzea, hala nola gelak akustikoki isolatzea, goiko solairuetara irisgarritasuna bermatzea, aireztapen mekanikoa jartzea eta argiztapena hobetzea» dira egingo diren hobekuntzak. Lanak lehen eta bigarren solairuan eta ganbaran egingo dira. Nabarmendu nahi izan dituzten berrikuntzen artean, musikoterapia gela berri bat sortuko da eta orain arte erabilerarik gabe egon den 55 metro koadroko espazio bat erabilgarri bihurtuko da.
Esku-hartze hau epe luzerako udal-azpiegituren hobekuntza estrategiaren parte da, eta lehen fase honi lotuta dagoeneko landu da bigarren fasearen zirriborroa. Bigarren fasea lehenengoaren jarraipena izango da eta udal eraikin guztien banaketari eragingo dio, espazioak eta Beasaingo zerbitzu publikoak optimizatzen jarraitzeko asmoz.
Osoko bilkuran lan hauek burutzeko diru partida osatzeko kreditu aldaketaren proposamenaren aurka bozkatu zuen PSE-EEk eta Podemosek, eta EH Bilduko ordezkariak berriz, abstenitu egin ziren, ondorengo arrazoiengatik: «Musika eskolan egingo den eraberritzearen alde gaude. Eta horretarako, behar adina diru bideratzea ongi iruditzen zaigu, baina kreditu transferentzia eta aldaketen politika kritikatzen dugu». EH bilduko ordezkarien iritziz, «aurrekontuak dira udalak asmo politikoak eta planifikazioak adierazteko tresna nagusia, eta iruditzen zaigu, kreditu aldaketen logika honek, planifikazio eta gardentasunik ez izatera eramaten gaituela. Aurrekontuetan proiektu bakoitzari dagokion diru partida eman beharko litzaioke, aurrekontuen negoziaketak errazteko zein herritarrei udalaren asmoen berri emateko».
Igartzako argiztapena
Beasaingo Igartzako jauregiaren barne argiztapena eta monumentu multzoa argiztatzeko lanak kontratatzeko pleguak ere onartu zituzten otsaileko osoko bilkuran. Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU laguntzekin burutuko da azpiegitura honen eraberritzea.
Diru-laguntzak
Otsaileko udalbatzaren osoko bilkuran ere diru laguntzak eskaintzeko oinarriak onartu ziren aho batez. Hala nola, merkataritza, euskara, bertako produktuen kontsumoaren sustapena, berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea helburu duten laguntzen banaketan eragingo dute.
Diru laguntza hauek ondorengo helburua izango dute: merkataritza sektorea biziberritzea; merkataritza arloan lan egiten duten elkarteei laguntzea; saltoki eta jardueretan errotulu nagusia, irudi korporatiboa eta web orria euskaraz jartzea; bertako produktuak merkaturatzea eta kontsumoa sustatzea; Beasaingo udalerrian emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzen duten elkarteei laguntzea; eta kultura, kirola edo genero berdintasunera edo kontziliazio erantzukidera zuzenduta dauden ekintzak babestea.