Turismo bulegoan laguntzeko beka programa zabalik
18 eta 30 urte bitarteko gazte zeraindarrei zuzenduta dago lan eskaintza. Interesatuek martxoaren 10era arte dute izena emateko epea irekita.

Urtero bezala, Zeraingo turismo bulegoak uda sasoian bertan lan egiteko deia luzatu die 18 eta 30 urte bitarteko gazte zeraindarrei. Ordu batzuetarako lana izan ohi da, gehien bat asteburuetan. Turismo bulegoan informazioa ematea, herri museoa erakustea eta dendari lanak egitea dira, besteak beste, eskaintzen diren egin beharretako batzuk. Gainera, Larraondo zerrategian eta Aizpeako meatze gunean bisita gidatuak egiteko ere jendea behar dela aurreratu dute. Zeraindarra izatea eta euskaraz jakitea ere ezinbesteko baldintzak izango dira.
Interesatuek Zeraingo turismo bulegoaren jarri beharko dute harremanetan martxoaren 10a baino lehen, 943 80 15 05 edo 649 946 277 telefonoetara deituta edo turismobulegoa@zerain.eus helbidera idatzita. Aurreko urteetan lan egin dutenek ere mezu bat idatzi beharko dute jarraitu nahi dutela adierazteko.
Trebakuntza saioak
Lanerako prestutasuna adierazi duten guztiek trebakuntza saio bat egingo dute martxoan zehar. Beharrezkoa izango da parte hartzea beka programan parte hartu ahal izateko. Izena eman dutenei aurrerago jakinaraziko zaie trebakuntzarako data eta ordua. Herria eta bertan daukaten ondarea hobeto ezagutzeko «aukera paregabea» da herriko gazteentzat Zeraingo turismo bulegoko arduradunek adierazi dutenez.