Xabier Zabalo zumarragarrari hirugarren gradua kendu diote
Audientzia Nazionaleko Fiskaltzak hirugarren graduaren aurkako helegitea aurkeztu du eta espetxera itzuli behar izan du bigarren gradurako erregresioa jasanda.

Xabier Zabalo zumarragarrari hirugarren gradua kendu diote. Joan zen asteko astelehenetik zegoen hirugarrren graduan: astelehen, astearte, asteazken eta ostegunetan Martutenen lo egiten zuen eta goizero etxera joaten zen. Fiskalak helegitea aurkeztu du eta atzo 20:00etan Martutenera itzuli zen. Azken urtebetean ez da horrelakorik gertatu. Gaur, 19:00etan, kontzentrazioa egingo dute Zabalo askatzeko eskatuz. Ostiralean, 20:00etan, kontzentrazioa eta manifestazioa egingo dituzte.
Otsailaren 21ean Eusko Jaurlaritzak, 2024ko abenduaren 20an Zaballako espetxe zaintzako juntak proposatuta, Xabier Zabalo presoarentzako hirugarren gradua onartu zuen. Atzo, astelehena, Audientzia Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen erabaki horren aurka eta Zumarragako presoak atzo bertan, espetxera itzuli behar izan zuen bigarren gradurako erregresioa jasanda.
Sarek atsekabea azaldu du. “Azken urtebetean horrelakorik ikusi ez badugu ere, gradu erregresio baten aurrean gaude berriro. Honen aurrean, espetxeko juntak eta bertako profesionalek hartutako erabakiari Madrildik helegitea aurkezteak zein zentzu duen galdetzen dugu beste behin. Zein oinarrirekin erabakitzen da espetxeko profesionalek egokitzat ikusten duten aurrerapausoari helegitea aurkeztu eta berehalako prozeduraz gainera, Xabier espetxera bidaltzea? Xabier Zabalo 30 urteko zigorra betetzen ari da, 2025eko urrian beteko dituelarik zigorraren hiru laurdenak. Espetxe ibilbidean pauso guztiak emanak ditu aurrez Xabierrek, irteera programatuetan parte hartu zein baimen ezberdinak gauzatu dituelarik. Lege arrunta ardatz, hirugrren gradua eman zaiona baino lehenago behar zuela diote etxerako bidea diseinatzen duten irizpideek. Pairatu behar izan duen erregresiorik gabe, noski”.