«Eskuinaren diskurtsoak matxismoaren normalizazioa dakar»
«Jarrera matxista eta erreakzionarioen aurka» kaleak hartzeko deia egin du Goierriko Itaiak Martxoaren 8an. Bi mobilizazio egingo ditu: 19:00etan Beasainen, eta 20:00etan Legazpin.

Martxoaren 8ko egunaren aurrelanketa gisa zenbait asanblada egin ditu Goierrin Itaiak, «indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia zabaltzeko». Egun osoko egitaraua antolatu dute, gainera, bezperan, Legazpiko Gaztetxean. «Politizazio eta kontzientziazio lanaren beharrezkotasuna» jarri dute mahai gainean.
Denboran atzera eginda, zer izan da Martxoaren 8a?
Rebole: Jatorrian Martxoaren 8a borroka eguna izan zen, emakumearen boto-eskubidea munduan zabaltzeko pauso taktikoa. Ez azken helburu bezala, baina argi zuten emakume langilearen zapalkuntzarekin eta kapitalismoarekin amaitzeko beharrezko eta urgentziazko auzia zela eskubide politikoen defentsa, batetik, eta emakume langileak sozialismoaren aldeko borrokara batzea, bestetik.
Egun, izaera iraultzailea galdu duela diozue. Zergatik?
Esnaola: Iruditzen zaigu egun honek jatorrizko zentzu iraultzailea galdu duela aspaldi, egunari borrokarako eta aldarrikapenerako karga guztia ezabatuta. Borroka egun batetik ospakizun eguna izatera igaro da, eta diskurtso hutsalak zein keinu sinbolikoak gailendu dira. Gaur egun enpresa eta instituzioek haien aurpegia zuritzeko erabiltzen dute egun hau, eta berdintasunaren izenean emakume langileentzat eraginkorrak ez diren neurriak hartzen dituzte, emakume langilearen zapalkuntzaz probestu eta hura betikotuta.
Gainera, etengabe areagotzen ari den ofentsiba ekonomiko, politiko eta kulturalak emakumeon egunerokoan eragin gordina du, eta horren aurrean, gazteoi dagokigu emakume langilearen zapalkuntzaren kontra egin zutenen lekukoa hartu eta borrokatzea.
«Iruditzen zaigu egun honek jatorrizko zentzu iraultzailea galdu duela aspaldi, egunari borrokarako eta aldarrikapenerako karga guztia ezabatuta»
Nahia Esnaola. Goierriko Itaiako kidea
Zeri egiten diozue erreferentzia «ofentsiba ekonomikoaz» hitz egiten duzuenean?
Esnaola: Krisi kapitalistaren testuinguruan ulertu behar da hori. Kapitalistek irabaziak handitzeko zenbait neurri hartzen dituzte, eta horren baitan ulertzen dugu bizitza geroz eta garestiagoa izatea, zerbitzu publikoen kalitatea etengabe kaskartzea edo lan baldintzen okertze nabarmen bat ematea. Ofentsiba politiko eta kulturala ere ematen ari da, eskubide politiko eta sozialen atzerakada bat emanda: zigor kodeen gogortzea, kontrol sozialaren areagotzea, etengabeko etxegabetzeak… Emakume langileok bete-betean pairatzen ditugu krisi honen ondorio gordinenak; geroz eta baldintza prekarioagoak ditugu. Izan ere, zaintza lan gehienak emakume langileen kargu geratzen dira, bertako lanak sozialki eta ekonomikoki gutxietsiak diren bitartean.
Rebole: Era berean, kapitalismoari etekin ekonomikoak lortzeko merkatu berriak zabaltzea beharrezkoa zaionez, horren baitan kokatu behar da sexu industria. Industria estetikoen hazkunde horrek, gainera, emakumeen sexualizazioan eta zapalkuntzan sakontzen duten norma kulturalak ezartzen ditu.
Gizartearen zein arlotan ikus daiteke matxismoa normalizatuz doala?
Rebole: Ideia erreakzionarioen eta atzerakoien gorakada nabarmena ematen ari da azkenaldian, diskurtso faxisten zabalpena handituta. Faxismoaren aurpegi gordinetako bat, gainera, matxismoa da, eta diskurtso horrek etengabe zabaltzen du matxismoaren normalizazioa. Hiru alorretan ikus dezakegu hori. Batetik, emakume langileen zapalkuntza ukatzen duten ideiak zabaltzen dituztenean ikus dezakegu, esanez politika instituzionalek leku pribilegiatu batean jartzen dutela emakume langilea; bestetik, salaketa faltsuen diskurtsoa zabaltzen dutenean, salatzen diren kasuen ehuneko handi bat zalantzan jarrita; eta, azkenik, berriz, diskurtso arrazistak zabaltzeko indarkeria matxista bera baliatzen dutenean, kasuak erasotzaileak immigranteak direnean soilik salatuta. Horregatik guztiagatik diogu eskuinaren diskurtsoak matxismoaren normalizazio nabarmena dakarrela kaleetan, sare sozialetan eta bestelako zenbait espaziotan.
Aurtengo mobilizazio nagusia Beasainen antolatu arren, egingo duzue bestelako aurre-lanketarik?
Rebole: Azken asteotan zenbait asanblada egin ditugu eguna bera antolatzeko eta indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia zabaldu eta erantzun bat antolatzeko. Egun horri begira, gainera, egitaraua antolatu dugu Legazpiko Gaztetxean: ostiralean, 19:00etan jarrera matxisten eta erreakzionarioen aurka antolatzeko beharraz eta egun bizi dugun egoeraz hausnartzeko hitzaldi bat izango dugu, Martxoaren 8a borrokarako egun bezala baliatzearen garrantzia azpimarratuta; ondoren, aisialdirako eskaintza zabala egongo da, herriko zenbait musikariren laguntzaz; larunbatean, berriz, eskualdeko bi mobilizazio garrantzitsu izango ditugu. 19:00etan udaletxeko plazatik abiatuko da aurrenekoa Beasainen, eta 20:00etan Paso Txominetik, bigarrena, Legazpin. Bietan, Matxismoaren aurka emakume langileok lehen lerrora izango da lelo nagusia.
«Guri dagokigu emakumeen zapalkuntza ekonomiko, politiko eta kulturalarekin amaituko duen gizarte berri bat eraikitzea»
Hebe Rebole. Goierriko Itaiako kidea
Zein aldarri aterako dituzue kalera?
Esnaola: Batetik, ideia atzerakoi eta erreakzionarioen aurrean egin beharreko politizazio eta kontzientziazio lana behar-beharrezkoa dela aldarrikatuko dugu, eta baita jarrera matxista eta eraso matxisten aurrean borrokatzearen beharrezkotasuna ere; salaketetatik harago, halakoei eman beharreko erantzunak irmoa eta antolatua izan behar du. Horrekin batera, emakume langilearen askapenerako sozialismoaren aldeko borrokak duen garrantzia jarriko dugu erdigunean.
Salatzen duzuen egoeraren aurrean, zer?
Rebole: Guri dagokigu emakumeen zapalkuntza ekonomiko, politiko eta kulturalarekin amaituko duen gizarte berri bat eraikitzea. Martxoaren 8an, beraz, inoiz baino irmoago aterako gara kalera, matxismoaren eta erasotzaileen inpunitatearen aurka, lan sektore feminizatuetako lan baldintza eta eskubideen alde eta emakumeok sexu objektu bihurtzen gaituen inposaturiko sexualitatearen aurka. Bi aukera daude, eta posizionatzea beharrezkoa dela uste dugu: milaka emakumek jasaten duten zapalkuntzaren aurrean konplize izaten jarraitzea, edo matxismoaren aurka kaleak hartu eta borrokatzea.