Hiru emanaldi Lazkaoko VI. Mendi astean
Coloradoko Arroila Handian, Bolivian eta Pakistanen grabatutako ikus-entzunezkoak dira. Martxoaren 11tik 13ra emango dituzte, Areria aretoan.

Lazkaoko Amalur Mendi elkartea 1974an sortu zen, Domarda elkartearen barruan, eta geroztik, azken 50 urteotan, mendizaletasuna jorratzeko eta herrian ereiteko lanean jardun da ekitaldi desberdinak antolatuta. Oraingo honetan, datorren asteartetik ostegunera, mendi astearen egitaraua antolatu du Areria kulturgunean. Seigarren edizioa izango da aurtengoa eta hiru eguneko ekitaldi honetan mendizaletasunaren inguruko hiru pelikula proiektatuko dituzte, eta hartara, ikusleek aukera izango dute mendiko espedizio eta abentura desberdinetan murgiltzeko. Lazkaoko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimena da. Egun bakoitzeko ikus-entzunezko bat eskainiko dute. Hirurak 19:00etan izango dira.
Bi kontinentetan
Martxoaren 11n, asteartea, Suam del Cerroren Expedicion al Gran Cañon de Colorado dokumentala emango dute. Filmak Coloradoko Arroila Handia eginda<ko espedizio baten istorioa kontatzen du, mendia eta natura maite dutenentzat benetako ikuskizuna izanik.
Martxoaren 12an, asteazkena, berriz, Iñigo Unanue eta Kattalin de Pedro izango dira protagonistak, eta beren esperientzia Zikloalpinismoa Bolivian pelikulan partekatuko dute. Pelikula horrek Alpeetako eta Andeetako mendiak uztartzen dituen erronka handi bat erakusten du.
Azkenik, martxoaren 13an, osteguna, Mattin Iñiguezek eta Joxe Ramon Agirre Marron-ek Baltoro Oinez eta Hegan pelikularen bidez haien esperientziaren berri emango dute, Pakistango mendi ikusgarrienetan egindako abentura eta bizipenak kontatuta.
Gerturatzeko gonbidapena
Lazkaoko Areria kulturguneak, hala, hiru egunetan mendiaren, mendizaletasunaren eta abenturaren inguruan sortutako pelikula eta esperientzia paregabeak eskainiko ditu, eta ekitaldi horiek mendizaleentzat ezinbesteko hitzordu izatetik harago, herritar orori bertaratzeko gonbita egin die antolatzaileek.