Kirol areto berritua ezagutzeko ate irekien saioa Zaldibian
Orain arteko erabilera anitzeko espazioaz gain, Fitness gune berriak kardio makinak, indar makina gidatuak eta luzatze eta errekuperazio gunea izango ditu.

Zaldibiako Udala “ahalegin berezia” egiten ari da herritarren beharretara egokitutako zerbitzuak eskaintzeko. Ildo horretan, Luberri kirol aretoan kirola egiteko fitness gune berria egokitu du. Orain arte, erabilera anitzeko espazioa bakarrik zegoen bertan, kirol eta dantza saio gidatuak egiteko. Martxotik aurrera, ordea, norbere kabuz kirola egiteko fitness gunea irekiko da eta bertan herritarrek eskuragarri izango dituzte kardio makinak, indar makina gidatuak eta luzatze eta errekuperazio gunea.
Martxoan zehar irekiko da kirol areto berrituan izena emateko aukera, baina aldez aurretik instalazioa eta bertako funtzionamendua ezagutzeko aukera izango dute zaldibiarrek. Ostiralean egingo dute ate irekien saioa, 18:30etik 19:30era, eta interesa duten herritarren gunea ikustera gonbidatu ditu Zaldibiako Udalak.