Martxoaren 8a dela eta Zaldibiako Udalaren adierazpena
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, udalbatzak adierazpena onartu du. Herritarrei dei egiten diete Aske talde feministak eta oro har mugimendu feministak antolaturiko ekintza eta mobilizazioetan parte hartzeko.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Zaldibiako Udalaren adierazpena, hitze hitz:
“Martxoaren 8a, Emakumeen Eguna, orain arte lortutakoa ospatzeko egunetik haratago, honaino iristeko borroka egin duen Mugimendu Feminista eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gaineratzeko eguna da. Ezinbestekoa da eskubideen aldeko borrokan, mugimenduaren antolakuntzak eta interpelazioetatik, jendarte guztia inplikatzeko izan duen eraginaz mintzatzea. Zentzu honetan, instituzio honi dagokion ardura hartzetik aurkezten dugu adierazpen hau.
Bizitzan baldintza duin eta justuak lortzeko begirada feminista ezarri behar dugu erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Horixe bera aldarrikatzen zuen duela 30 urte Beijingen onartu zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentziako akordioak. Ordutik, aurrerapauso garrantzitsuak egin arren oraindik urrun gaude berdintasun erreal bat lortzetik.
Faxismoaren eta genero-desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da, baita azken urteetan behin eta berriz ahoan dugun zaintza-krisia ere. Egoera honi egoki aurre egingo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz. Behar bezala aurre egin behar diogu daukagun erantzukizun publiko handiari, eta hori premisa feministetatik egin behar da, plan eta programa eraldatzaileak eginez, larrialdiei arreta emanez eta behar diren baliabide guztiak ahalbidetuz, hau da, gobernantza feminista aurrera eramanez.
Berdintasun Politikek, azken urteetan, oinarrizko sistema bat sortu dute, baliabide eta planez josia. Baina ezinbestekoa da zehar lerroan gauzatzea hauek, estruktura estankoak apurtu behar ditugu eta sail ezberdinen artean proiektu konpartituak eraiki eta kudeatu behar ditugu. Honi, Politika Feminista deritzogu, “emakumeen gaiak” direla esateri utzi eta unibertsal bilakatzera jo nahi dugu. Zaintzaz, ekonomiaz, hirigintzaz eta Indarkeria Matxistaz, guztiaz, ikuspegi feministatik aritu nahi dugu. Beharrizan nabarmen eta erronka handi hauen aurrean, gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz.
Horregatik guztiagatik, Zaldibiako Udalak honako hau erabaki du:
- Emakume eta neskatoen ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak bultzatzea.
- Berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak indartzea.
- Berdintasunaren aldeko lanean generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzea, bai eta Udaleko arloen arteko koordinazioan ere.
- Erakundeko langileen berdintasunari buruzko barne-prestakuntza bultzatzea.
- Ikuspegi intersekzionalaren integrazioan aurrera egitea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko esku-hartze publiko osoaren ikuspegi inspiratzaile gisa.
- Erakundeen akordioak eta koordinazio-sistemak eta -protokoloak hobetzea eta aldian-aldian eguneratzea.
Herritarrei dei egiten diegu Aske talde feministak eta oro har mugimendu feministak antolaturiko ekintza eta mobilizazioetan parte hartzera”.