GUTUNA. Nolako Martxoak 8 nahi dugu?

Zein mundutan bizi gara eta zein mundu nahi dugu? Lehenengoa, seguruenik, aise erantzun genezake, baina bigarrena biribiltzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Ez nengoke oker esango banu gehienok zapalkuntzarik gabeko gizarte bat nahi dugula, aukera berdintasuna eta askatasuna zimendu dituena. “Eta hori nola lortzen da, maja?”, pentsatuko duzue askok. Bada, erantzun hori ontzea lan nekeza da, bai; aitzitik, garbi izan behar duguna zera da: eraikitzeke dagoena ez duela haizeak ekartzen. Argi izan behar dugu orain arte eraiki den guztia aurretik milaka eta milaka langilek egindako borrokaren fruitua dela, beraz, langileon erantzukizuna da horien lekukoa hartu eta bidea egiten jarraitzea.
Borrokarako pultsio horrekin proposatu zuen Clara Zetkinek Emakume Langileon Nazioarteko Eguna 1910ean, Emakume Sozialisten Nazioarteko Kongresuan. Munduan emakumeon boto eskubidea zabaltzeko taktika izan zen, kanpaina politiko bati erantzuten ziona. Ez zuten uste horrek emakumearen askapena ekarriko zuenik, baina urjentziazko zela ulertzen zuten emakumeok aktibo politiko bilakatzea eta lehen lerroa hartzea sozialismora bidean.
Eta, egun, non gaude? Guztion ahotan daude etxegabetzeak, zerbitzu publikoen murrizketak, lan kaleratzeak, prezioen igoera etengabea, lan baldintzak kaskartzen doazela… Inguruan jendea matxismoaren existentzia bera ukatzen edo garrantzia kentzen entzuten dugu, eskoletako, kirol elkarteetako eta alderdi politikoetako sexu erasoen albisteak asteroko ogia direnean. Sare sozialetan gazteok normaltzat jotzen dugu gorputz sexualizatuak ikustea, influencer edo eduki sortzaileek nola jantzi, ilea eta azala zaindu, hitz egin eta ibili, bikotea aukeratu eta jan azaltzen digutelako. Emakume eta gazte langileontzat lortzeko ezinezko diren espektatiba estetiko eta bitalak sortzen dizkigute.
Erasoaldi kultural, politiko eta ekonomiko bete-betean bizi gara, bai. Bitartean, ideologia eskuindar eta erreakzionarioa aparra bezala zabaltzen ari da, zentzu batean, ezkerraren gabezien eta politika eraginkorren faltak eraginda. Eta zer espero dugu? Zeren edo noren zain gaude? Oraindik bada Martxoaren 8an emakumeok zoriontzen gaituenik, kalean argi moreak jartzeagatik “berdintasunaren kupoa” betetzat ematen duen instituzio eta enpresarik, mobilizazioei ospakizun eta festa itxura ematen dien ugari ere bai. Garbi esatera noa: Martxoaren 8a borrokarako eta erreibindikaziorako eguna da eta bere izaera iraultzailea kalera ekarri behar dugu bueltan. Bide horretan, mobilizazioek indarra erakusteko eta lehen lerroa hartzeko balio behar dute, ezbairik gabe. Gauzak horrela, irakurle, lotsarik gabe, batu antolatu ditugun egitarau eta mobilizazioetara! Batu borrokara!