Turismoak ere aitortza egingo die emakumeei
Goierri garaiko herrietan emakumeak ardatz dituzten ekintzak egingo dituzte.

Emakumeak protagonista dituzten bisita bereziak eta beste jarduera batzuk antolatuta, Urola Garaiko Turismo sailak bat egingo du asteburu osoan Martxoaren 8ko ospakizunekin. Legazpin, Ezkion, Urretxun eta Zumarragan izango dira ekintza horiek, eta parte hartzeko izena eman behar da 943 72 20 42 telefono zenbakian.
Ezkion, Igartubeiti baserri-museora bisita gidatua antolatu dute larunbaterako. Emakumea baserrian du izenburua bisitak, eta 10:00etan hasita, garai bateko emakume baserritarren errealitatea eta bizimodua emango dute ezagutzera.
Zumarragan ere izango da hitzordua larunbatean, 11:30ean, udaletxe azpiko arkupeetan, sarrera librearekin. Azoka eguna dela baliatuz, landa ingurunean lan egiten duten emakumeei keinua egingo diete jarduera horretan. Landa eremuko emakumeak, eta gainera, baserritarrak izenburuarekin, hitzaldia eta mahai-ingurua egingo dute herriko hainbat emakumek.
Kerexeta eta Odriozola
Hurrengo egunerako beste bi jarduera antolatu dituzte, eta emakume protagonistek izen propioa dute, garai oso desberdinekoak badira ere: Anjela Kerexeta eta Ane Odriozola.
Anjela Kerexeta Jose Maria Iparragirreren emaztea zen, eta bera izango da Urretxun 12:00etan Gernikako Arbola plazan gauzatuko den ekintzaren ardatza. Familian egiteko jarduera izango da, Kotoi dendako Sandra Rodriguezek gidatuko duen eskulan saioa. Material organikoekin egindako eskulanen gaia emakumea izango da. Kotoia, egurra, hostoak eta horrelako material organiko gehiago erabilita, emakumeei buruzko posterrak egingo dituzte.
Ane Odriozola, berriz, idazle legazpiarra da, eta Mirandaola burdinolan eta inguruan kokatzen den El valle del hierro eleberria idatzia du. Emakumeek presentzia handia dute liburuan, eta horiek egiten zuten lana ardatz hartuta, bisita gidatua egingo du burdinolara 12:30ean. Gero, martxan jarriko dute burdinola.