Ataun Irratia sortu zenetik, hamabi urte
Tokiko edukiei eta herritarren parte-hartzeari eusten jarraitzea izango dute helburu datozen urteetarako.

Iragan otsailaren 13an Irratiaren Nazioarteko Eguna ospatu bazen ere, Ataun Irratiak beste data batean izango du zer ospatu; duela hamabi urte sortu zen, eta martxoaren 15ean izango da haren urteurrena. Urte hauetan guztietan, bertako langileek zein kolaboratzaileek herritarrei informazioa, entretenimendua eta emozioa eskaintzeko lan handia egin dute.
Ataun Irratia 2013ko martxoaren 15ean jaio zen. Ioar Aizpurua ataundarrari bururatu zitzaion irratia sortzea, 11 urte besterik ez zituela. Herriko eskolan, ostiraletan, irratia egiten zuten ikasleek, eta denborarekin, han zaletu zen. Irratiaren jarduna xumea izan zen aurreneko urte horietan, baina urteak igaro ahala, herriko ahotsak, gertuko albisteak eta kultur edukiak eskaintzeko erreferente bihurtu da Goierriko eskualdean.
Irratiaren programazioan, herri barruko zein Ataundik kanpoko gaiak jorratu izan dira, tokiko berriak lehenetsita. Tokiko eragileek ere bertan ahotsa izan dute aurreneko unetik, eta herritarren parte-hartzea sustatu du eta sustatzen du etengabe.
Proiektu berriak
Egun berezia izango da martxoaren 15a. Arduradunek adierazi dute «ilusio handiz» begiratzen diotela etorkizunari; teknologiaren bilakaerak erronka berriak ekarri arren, tokiko edukiei eta herritarren parte-hartzeari eusten jarraitzea izango dute helburu. Horretarako, edukiak online plataformetara eramateko urratsak ematen ari dira gutxika-gutxika, entzuleei, besteak beste, haien ohituretara egokitutako zerbitzua eskaintzen jarraitzeko, baina beharrezko eguneraketak eginda. Gaur-gaurkoz, irratiaren balioa aitortzeko momentua dela nabarmendu dute, «tokiko komunikazioaren indarra nabarmentzeko eta datozen urteetarako ilusioa berresteko».