Berdintasunaren alde lan egiteko konpromisoa berretsi dute udalek
Martxoaren 8ko Eudelen adierazpena babestu dute udalek. Beijingo Adierazpenaren 30. urteurrena ekarri dute gogora. Konpromiso eta neurri zehatzak azaldu dituzte.

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, orain arte lortutakoa ospatzeko eguna izatetik haratago, honaino iristeko borroka egin duen Mugimendu Feminista eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gaineratzeko eguna da. Beasaingo Udalak, Eudelekin lerrokatuta, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat egin du. Ainhoa Arrese Berdintasun zinegotziak eta Mariola Pascual Herritarrak arloko buruak azaldu zituzten udalak hartutako konpromisoak, atzo emandako prentsaurrekoan. Beasaingo Udalak bezala, Goierri beheko beste udal batzuek ere, Ordiziakoak eta Zaldibiakoak, besteak beste, eta Goierri garaian Urola Garaia Udal Elkarteak, Eudelen adierazpen instituzionalak esandakoarekin bat egin dute Martxoaren 8ari begira, eta emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunaren alde hitzartutako neurri zehatzak adostu dituzte.
Adierazpenak azaltzen duenez, «1995ean Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero-berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide-orria abian jarri zuten».
Ibilitako azken 3 hamarkadetan aurrerapauso «garrantzitsuak» eman dira, «baina bilakaera desorekatua izan da eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna». Hala eta guztiz ere, «berdintasun-indizeek aurrerapena nabarmena izan dela erakusten dute, berdintasun-politiken araudi- eta erakunde-garapena eta mugimendu feministaren bultzada iraunkorra bateratu diren testuinguruetan», dio adierazpenak.
Konpromisoak
Beijingen adostutako berdintasunaren helburuak lortzeko, 30. urteurrenak konpromisoak eta borondateak berritzeko aukera ematen du, eta euskal udalek, Goierrikoak barne, genero-berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu-mugimenduarekin bat egin dute, emakumeen eta nesken ahalduntzearen eta emakumeen eskubideen defentsaren aldeko apustua eginez. Tokiko eremutik arlo kritiko globaletan aurrera egiten lagundu nahi dute.
Honela, bada, ondorengo konpromisoak beregain hartu dituzte: «Sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate-Estandarren arabera; emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten; tokiko gobernuetan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea; Tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko. Herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz; zainketen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abian jartzea, ikuspegi feministatik; eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko tokiko ekintza-planetan jasotako agenda feministen gaineko kontuak ematea, aldian-aldian».
Neurri zehatzak
Adierazpenak jasotzen dituen konpromisoez gain, neurri zehatzagoak ere iragarri dituzte Goierriko hainbat udalek.
Ordizian, udal ordezkari guztiek aho batez adostuta, Jabekuntza Eskola sustatzen jarraituko dute, herriko mugimendu feministarekin adostuz bertako ekintza eta programaketa. Gainera, Ordiziako Udalaren emakumeen eta gizonen berdintasunerako barne-plana eta sexu-jazarpenari aurre egiteko udal protokoloa osatuko dituzte. Horrez gain, berdintasun-mahaia sortzeko lan egingo dute. Era berean, Ordiziako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Udal Plana eguneratzeko konpromisoa adostu dute, besteak beste.
Zaldibian, bide beretik, emakume eta neskatoen ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak bultzatuko dituztela adierazi du udalak.