Euskararen inguruko erronkak landuko ditu udalak herritarrekin
Idiazabalgo Udalak Uema-rekin elkarlanean egingo du lanketa. Galdetegi bat zabaldu dute herritarren iritzia ezagutzeko.

Idiazabalen euskarak biz duen egoeraren argazkia egin eta datozen hamar urteetan izango dituen erronkak aztertzeko ariketa egingo du udalak Uema-rekin —Udalerri Euskaldunen mankomunitatea— elkarlanean. Gaiarekiko herritarrek duten iritzia, Idiazabalgo euskararen datu errealak eta Euskal Herriko egoera aztertuko dituzte, besteak beste etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko.
Gai honen inguruan herritarrek duten ikuspegia ezagutzeko galdetegi bat zabaldu dute. Galdetegia internet bidez bete eta helarazi daiteke Idiazabalgo Udalaren web gunetik. Papereko bertsioak ere jarri dituzte eskura herriko merkataritza eta ostalaritza guneetan banatutako eskuorrien bitartez. Kasu honetan, behin eskuorria beteta udaletxean aurkeztu beharko da. Galdetegia betetzeko azkeneko eguna martxoaren 14a izango da.
Parte hartze saio irekia
Idiazabalgo Udala datozen hamar urteetarako plangintza estrategikoa osatzeko unean dago eta adierazi dutenez, «hau momentu ona da tarte bat hartu eta datozen urteetan euskararen bueltan izango ditugun erronkei buruz hitz egiteko».
Horrekin batera, herritarrei eta herriko eragile ezberdinei irekitako parte hartze saio bat egingo dute martxoaren 25ean, 17:30ean hasita udaletxeko areto nagusian. Aurreratu dutenez, saioak bi zati izango ditu. Batetik eta hasteko, herritarrek erantzundako galdetegiaren emaitzak ezagutarazi eta aztertuko dituzte. Bestetik, Idiazabalgo euskararen datuak ezagutzera emango dituzte. Datuok euskarak etorkizunean Idiazabalen izango dituen erronkak identifikatzeko baliagarriak izango dira, eta guztion artean aurrerantzean jarraitu beharreko estrategiei buruz hausnartuz amaituko dute.