Urola Garaiko Jabetze Eskolan tailerren hasiera
Urte osoko jarduerez gain, zazpi tailer izango dira aukeran.

Urola Garaiko Jabetze Eskolak ekaina bitarteko jardueren egitaraua aurkeztu zuen otsailaren amaieran. Urte osoko jarduerez gain, zazpi tailer izango dira aukeran. Gaur da lehenengoa, 17:30ean.
Urte osoko taldeak dira atzerriko emakumeei zuzenduta Legazpiko euskaltegian ematen diren Empalabramiento izeneko euskara ikasleena, Annar-Sua emakume etorkinena, zahartzea lantzen ari direnena, zaintzaileena eta lan eta gizarte orientazioa eskaintzen duena.
Horiez gain, Emakumeak mugimenduan, autoerretratuari eskainitako sormen tailerra, etxeko konponketen ikastaroa, kakorratza lanen ikastaroa, yoga saioak, Elikadura kontzientea lantzeko saioak eta doluari buruzko saioak eskainiko dituzte ekainera bitartean. Gaur, lehena, autoerretratuari buruzkoa izango da, Maddi Urangak gidatuta, 17:30etik 19:30era. Bihar, berriz, emakumeak mugimenduan saioa izango da. Yogaterapiako lehen saioa hilaren 15ean da, elikadura kontzientea lantzekoa hilaren 22an, eta etxeko konponketena hilaren 31n. Kakorratza lanena eta dolua lantzekoa apirilean hasiko dira.
Izen ematea
Ikastaro eta saio gehienak Urretxuko Pagoeta auzoan dagoen Urola Garaiko Emakumeen Etxean egingo dira. Doluarena, aldiz, Legazpin da.
Ikastaro horietan parte hartzeko 16 urtetik gorako emakumea izan behar da, eta aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da 943 25 23 89 telefono zenbakira deituta, edo jabekuntzaeskola@gmail.com helbide elektronikora idatzita.