Urrupek ‘El 27’ obra estreinatuko du Ordizian
Ana Martinezek idatzi eta Rosa Rojok zuzendutako antzezlana da.

Ohikoa da Urrup antzerki taldeak, Martxoaren 8aren inguruan, lan berria estreinatzea. Eta aurten ere, horrela izango da. El 27 izenburuko obra aurkeztuko dute gaur, 20:30ean, Ordiziako Herri Antzokian.
Urtero bezala, Kimetzek, Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatutako emanaldia izango da. Antzezlanaren aurretik, Kimetzek 19:00etan elkarretaratzea egingo du Plaza Nagusian. Sarrerak 6 euro balio du eta leihatilako ordutegian edo Internet bidez eros daitezke dagoeneko.
Ana Martinezek idatzia
El 27 antzezlana Ana Martinez Azkonak idatzi eta Rosa Rojok zuzendutako komedia da. Rosa Rojoren zuzendaritzapean hamar aktore ariko dira: Nekane Aramendi, Maribi Lopez, Nora Acosta, Miguel Angel Veliz Lillo, Ana Martinez, Gorka Lariz, Jose Luis Elorza, Marisol Cavero, Juan Manuel Pecharroman eta Urtzi Gorostiaga. Beste bi ordiziar ere izan eta izango dituzte ondoan: Julen Iraolak egingo ditu teknikari lanak eta antzezlaneko kartela Eukene Lekuonaren diseinua da.
Sinopsia
Indarkeria matxista, sexu-aniztasuna, amatasun kontzientea, jeloskortasuna edo pornoaz gain, «oraingoan beste gizarte-kezka batzuk ere azaleratu nahi ditu: arrazakeria, adinkeria edo bakardadea».
27. lineako autobus geltokian «gaizki-ulertuz eta egoera zoro eta dibertigarriez osatutako» komedia bat da. «Bertatik egunero pasatzen diren emakume eta gizonek batzuetan, elkar maitatzen dute, edo erasotu edo baztertu. Beste zenbaitetan, batzuek besteei gezurrak esaten dizkiete, baita lagundu ere. Laburbilduz, bizitzeko ahalegina egiten dute. Beraien tragedia gure komedia da. Inkomunikazioa da mikrokosmos horretan bizi diren izakiei gertatzen zaizkien endredoen atzean dagoena. Shakespearek zioenez, mundua eszenatoki bat bezalakoa da. 27aren zain egon besterik ez dago arrazoia zuela egiaztatzeko».