Espainiako Sustapen Ministerioak "zalantzak" ditu Ezkioko lotunearekin
Aukera horren "bideragarritasunari buruz zalantzak" agertu ditu Espainiako Gobernuak, Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak galdetu ondoren.

AHT Abiadura Handiko Trenaren Nafarroako zatiaren eta Euskal Y-aren lotunea nondik egingo den oraindik zehazteko dauka Espainiako Gobernuak. Ezkiotik izango den ala Gasteiztik izango den erabakitzeko txosten teknikoen zain daudela dio, baina Gasteizko lotunea lehenetsiko dutela dirudi ordezkari politikoen esanetan eta azken adierazpenetan oinarrituta. Espainiako Sustapen Ministerioak Ezkioko lotunearekin “zalantzak” dituela adierazi berri du.
Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak horri buruz galdetu dio Espainiako Gobernuari, eta Ezkioko lotunea “ingurumen balio handia eta hidrogeologia eremu konplexua duen eremu batetik pasatu beharko” lukeelako “aukera horren bideragarritasunari buruz zalantza handia” dutela erantzun dio.
Ezkioko geltokia, ia amaituta
Oraindik lotunea nondik izango den jakin gabe, Ezkioko geltokia ia amaituta dago. Duela hiru urte hasi zituzten lanak. “Gehiena eginda dago, baina ez guztiz amaituta; poliki, baina lanak bere martxan doaz”, agertu zuen Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak urtarrilean. Azpiegituraren lanik handienak bukatuta daude.
Aralarko zatia
Otsailaren hasieran, Jose Antonio Santano Espainiako Estatuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko idazkariak Aralarren aldi baterako desjabetzeak egiteko aukera aztertzen ari zirela esan zuen, katak egiteko lursail publiko zein pribatuetan sartzeko zailtasunak zituztelako. Aralarko igarobidea aurrera aterako balitz, 21 kilometroko tunel bat egingo lukete.
Goierriko EAJrentzat “funtsezkoa”
Otsailaren hasieran ere, EAJren Goierriko alkateek agerraldia egin zuten Ezkioko geltokian, haientzat Ezkioko lotunea “Euskadiko eta Goierri eskualdeko garapenerako eta mugikortasun jasangarrirako funtsezkoa” dela esateko. Hilaren amaieran, Eider Mendozak jarrera hori berretsi zuen, “Gipuzkoaren etorkizunaren defentsan irmotasunez” jarraituko zuela adierazita. Madrili Altsasu eta Ezkio arteko laginak egiteko eskatu zion. “Argitasuna eta informazioa” ere eskatu zituen, eta “ez dadila erabakia epe laburrean pentsatuz bakarrik hartu”.
PSNren postura
Aurreko astean, berriz, Ramon Alzorriz PSNko eledunak hau adierazi zuen: “Gasteiztik pasatu ezean, ez da egingo”. Alzorrizen esanetan, Euskal Y-a Ezkion lotzea ez da posible, “ez fisikoki, ezta ekonomikoki ere”. Argudiatu zuen ez dela bideragarria “Aralar alde baterantz zein besterantz hogei kilometro zulatzea, akuiferoak suntsitzea eta ingurumenari eraso egitea”, eta PSNk ez duela onartuko halakorik egitea.