Goierriko sei bertsolari Eskolarteko txapelketan
Amets Zubizarreta, Irati Basurto eta Duna Urteaga beasaindarrak, Uhaitz eta Kattin Oiartzabal anaia-arreba zumarragarrak eta Sustrai Goenaga lazkaotarra dira GoiBeko ordezkariak.

Gaur abiatuko da Errezilen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari txapelketa. Gipuzkoako 14-18 urte bitarteko 25 gaztek eman dute izena, eta horietatik sei dira Goierrikoak: Amets Zubizarreta, Irati Basurto eta Duna Urteagak beasaindarrak, Uhaitz eta Kattin Oiartzabal anaia-arreba zumarragarrak eta Sustrai Goenaga lazkaotarra. Seiak Goierriko Bertsozale Elkartearen (GoiBe) bertso eskolan aritzen dira.
Errezilen, Aretxabaletan, Amasan eta Aizarnazabalen jokatuko dira kanporaketak martxoan, eta finala Azpeitiko Elikagunean izango da, apirilaren 4an.
Errezilgo Erniope elkartean Amets Zubizarreta eta Uhaitz Oiartzabal ariko dira kantuan gaur beste bost bertsolari gazterekin batera. Martxoaren 14an, Duna Urteagak, Irati Basurtok eta Kattin Oiartzabalek Aretxabaletako Urbaltz elkartean abestuko dute, eta martxoaren 21ean Sustrai Goenaga sartuko da lehian, Amasako Martina kultur elkartean.
Saioetarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke.
Hauek izango dira kanporaketetan egin beharreko lanak:
- Hasierako agurra (nahi den neurrian).
- 4 oinak emanda, 8ko txikian bertso bat.
- Binaka/hirunaka, gaia emanda, 8ko handian bina bertso.
- Binaka/hirunaka, gaia emanda 3na kopla.
- Bakarka: bi punturi erantzun eta gaia emanda bertso bat (gehienez 5 puntuko neurrian).
- Bukaerako agurra (nahi den neurrian).
Finaleko lanak berriz, ondorengoak:
- Hasierako agurra (nahi den neurrian).
- 4 oinak emanda, 8ko txikian bertso bat.
- Binaka, gaia emanda, 8ko handian bina bertso.
- Binaka, gaia emanda, 8ko txikian bina bertso.
- Bakarka: bi punturi erantzun eta gaia emanda bertso bat (gehienez 5 puntuko neurrian).
- Bukaerako agurra (nahi den neurrian).