Mikel Telleriak ‘Oroit Lou Reed’ laugarren estudioko lana argitaratuko du
Asteartean egingo du diskoaren aurkezpen ekitaldia prentsaren aurrean eta martxoaren 20an, kontzertua eskainiko du Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

Mikel Telleria musikari eta bakarlari idiazabaldarrak Oroit Lou Reed bere laugarren diskoa kaleratuko du. Datorren asteartean, martxoak 11 egingo du aurkezpen ekitaldia eta ondoren, martxoaren 20an aurkezpen kontzertua izango da Gasteizko (Araba) Jimmy Jazz aretoan.
Jaiotzez idiazabaldarra den arren, orain 40 urtetik Gasteizen bizi da Telleria. Leioan (Bizkaia) kazetaritza ikasketak egin zituen. AEKn euskara irakasle aritu zen Gasteizen, ETBrentzat korrespontsal moduan ondoren, eta azkeneko urteetan Gasteizeko Udaleko komunikazio zerbitzuan dihardu.
Urteetan “lanpetuta” ibili eta gero, orain musikari eskaintzeko denbora gehiago duela adierazi du eta Oroit Lou Reed da horren emaitza gertukoena. Lou Reed (New York 1942-2013) AEBetako rock musikari, konposatzaile eta argazkilaria izandakoari omenaldia da diskoa. Diskoa sustatzeko bideoklip bat ere aurreratu dute. Jarraian duzue ikusgai.