Ordiziako Erro kooperatiba eta Legazpiko Udala, Landaola Sarietarako hautagai
Gaztaren Ibilbidea kudeatzeaz arduratzen den kooperatiba Erakunde pribatuen atalean izendatu dute, eta Legazpiko Udala Erakunde publikoen atalean. Sari banaketa martxoaren 14an egingo dute Zumarragan.

Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen Landaola elkarteak martxoaren 14an banatuko ditu Zumarragan VIII. Landaola sariak. Gipuzkoako sei landa garapen elkarte biltzen ditu Landaolak, tartean Goierriko Goimen. Bi dira aurtengo deialdian hautagai izateko izendatu dituzten goierritarrak: Erakunde pribatuen eremuan Gaztaren Ibilbidea (GR-283) kudeatzeaz arduratzen den Ordiziako Erro Kooperatiba, eta erakunde publikoen atalean Legazpiko Udala.
Sariak emateko garaian, honako alderdiak hartuko dituzte kontuan: proiektuak eredugarri izateko dituen baldintzak, proiektuak eragiten dion landa eremuko biztanleri eta sortutako lanpostu kopurua, duen zabaltzeko aukera eta izan duen oihartzuna, edota eskualdeko landa garapen elkartearekin izandako lankidetza.
Urteetako ibilbideari saria eta Emakumeak Landa Eremuan saria egunean bertan jakinaraziko ditu Landaolak.
ERAKUNDE PRIBATUA. Erro kooperatiba (Ordizia)
Idiazabal Gaztaren Ibilbidea (GR-283) 2014an Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Mendi Federazioak sustatutako ibilbide turistikoa da. Ibilbideak, Idiazabal Gaztaren tradizioa ezagutzeko eta Gipuzkoako barnealdeko paisaia ederrez gozatzeko aukera ematen du. 96 kilometroko luzera du eta sei etapetan banatuta dago, Goierri, Urola Garaia eta Deba Goiena bailarak zeharkatuz.
Aizkorri- Aratz eta Aralar parke naturalak lotzen ditu, artzaintzaren eta gaztagintzaren kulturaren inguruko esperientzia paregabea eskainiz. 2014tik, mila pakete turistiko baino gehiago saldu dira, eta 2023an, Viajes National Geographic Irakurleen Sarietan Espainiako Ibilbide Gastronomiko Onenaren saria jaso zuen.
Ibilbidea Ordizian hasten da, eta D’elikatuz Zentroan informazioa eta materiala eskuratu daitezke. Etapa bakoitza egun bakarrean egiteko pentsatuta dago, eta ostatu aukera zabala eskaintzen du, hala nola hotelak, nekazalturismoak eta aterpetxeak. Bidean zehar, gaztandegiak bisitatu, artzain tradizioak ezagutu eta tokiko gastronomiaz gozatzeko aukera eskaintzen du.
ERAKUNDE PUBLIKOA. Legazpiko Udala
Legazpiko Udalak Arrobi onura publikoko mendiko lur sailak berreskuratzeko proiektua jarri du martxan hainbat eragilerekin elkarlanean (Arrobiko Ganaduzale Elkartea, Foru Aldundia, Etorlur, Naturzaindia eta Paisaia Fundazioa). Egitasmo horren helburu nagusia da Arrobiko habitatak babestea eta abeltzaintza tradizionalarekin uztartzea, naturaren eta landa-jardueren arteko oreka bilatuz.
Horretarako, ameztien azalera handitzea, larreen eta basoen osasuna hobetzea, espezie mehatxatuak babestea eta zohikaztegiak berreskuratzea dira lan ildo nagusiak. Gainera, ganadu karga egokituz, larreak modu jasangarrian erabiltzearen alde egiten da. Ekimenak adostasuna eta elkarlana ditu oinarri, abeltzaintza eta ingurumenaren zaintza uztartuz. Horrez gain, proiektu honek eredu izan nahi du, etorkizunean beste babesgune batzuetan ere aplikatzeko.