Eusko-estatubatuarrak bueltan Goierrira
Udan hiru asteko egonaldia egingo dute Goierrin AEBetako euskal jatorridun gazteek Ateak ireki programari esker. Goierritar familiak lortu nahi dituzte, gazteak etxean hartu eta sarea josteko.

Ipar Ameriketan bizi diren baina euskal jatorria duten gazte talde bat Goierrira etorriko da, 2025eko udan ere. Hirugarren urtez antolatuko den ekimena izango da, eta Euskal Herriko familien eta diasporakoen artean hartu-emanak sortzea, euskal diaspora ezagutzeko bideak zabaltzea, familien eta pertsonen artean zubiak eraikitzea eta etorkizunerako maila ugaritako erlazioa indartzea dira programaren helburuak.
Beste urte batez, AEB Amerikako Estatu Batuetako euskal etxeen NABO elkargoarekin elkarlanean ari dira Ateak Ireki gorpuzten, eta aurtengoan, 46 gaztek izena eman dutela adierazi dute Goiekin egindako prentsaurrekoan; 46 gazte horietatik 33k izango dute Euskal Herria ezagutzeko aukera.
Bien bitartean, gazte horiek etxean hartuko lituzketen familiak nahi dituzte, izan ere, Goierrin du sorburua Ateak Ireki programak, eta Goierriko etxeetako ateak irekitzea behar dute. Hartara, Goierriko familiei dei berezi bat egin die Adur Ezenarro Goiekiko presidenteak, eta adierazi du aukera ona litzatekeela diasporako gazteekin antzekotasunak eta desberdintasunak partekatzeaz gain, harreman-sareak egin eta ezagutza zabaltzeko.
Hiru asteko egonaldia
Ekainaren 28an iritsiko dira programan parte hartuko duten gazte eusko-estatubatuarrak, eta uztailaren 20ra arte, hiru asteko egonaldia egingo dute eskualdean. 16-25 urte bitarteko gazteak dira, horietatik gehientsuenak Kalifornia ingurukoak; Washington, Colorado, Nevada eta Oregon ingurutik ere badatoz gazteak, besteen artean.
Hiru aste horietan, euskara, aisialdia, gazteen arteko ekimenak eta kultur bidaiak tartekatuko dituzte: astean zehar Maizpide barnetegian euskara eta kultura eskolak jasoko dituzte, eta asteburuetan familiekin egoteko denbora izango dute.
Ekainaren 28tik uztailaren 20ra AEBetako 33 gazteak egonaldia egingo dute Goierrin
Hala ere, bestelako ekintza batzuk ere gauzatuko dituzte, eta familietako gazte orok izango du bertan parte hartzeko aukera: Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, uda ikastaroetako euskal dantza ikastaroan parte hartzeko aukera izango dute; euskal kultura sustatzen duten tailerrak egingo dituzte; egun osoko irteerak antolatu dituzte; eta ekintzak aktiboki sustatuko dituzte Goierriko herrietan, euskal komunitatearen aldeko pertsona aktiboak izanda, «eskualdearen nazioartekotzan laguntzea» helburu hartuta.
Berrikuntzak
Aurtengoan, gainera, bi berrikuntza nagusi egongo direla adierazi du Iñaki Goirizelaia Batzen elkarteko lehendakariak, aurreko urteetako esperientziaren balorazioak erakutsitakoak: Batetik, Euskal Herriarekin izango duten aurreneko kontaktua errazteari begira, Euskal Herrira etorri aurretik euskara klaseak jasoko dituzte; eta, bestetik, Goierriko gazteek egonaldia AEBetan egiteko haranzko bidea ere irekiko zaie bizpahiru gazteri, hain zuzen, iazko urtetik daramatzate joan-etorriko programa hori diseinatzen. Gainera, etorkizunean, «Amerikako Estatu Batuetako euskal diasporatik mundu osora salto egitea» gustatuko litzaieke antolatzaileei.
Euskal Herrira etorri aurretik euskarazko klaseak hartuko dituzte. Hori da aurtengo berritasunetako bat
Esker emateak
Ateak Ireki programa sustatu eta aurrera ateratzeko laguntzen duten babesleei eskerrak eman dizkie Atean Ireki ekimeneko sustatzaileek. Besteak beste, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Maizpide barnetegi-euskaltegiari, NABOri (North Amercian Basque Organizations), Nafarroako Gobernuari, Goiekiri eta Goierriko udal guztiei; eta bukatzeko, Goierriko biztanle guztiei.