Idiazabal, medikamentuen erabilera hobetzeko programan
Jaurlaritzak eta Farmazialarien Elkargoak sustatzen du. Idiazabalekin, 12 dira programan diharduten Goierriko udalerriak. Gizarte zerbitzuetako erabiltzaileei dago zuzenduta.

Idiazabalek bat egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoak bultzatutako etxez etxeko laguntza zerbitzuen eta gizarte zerbitzuen erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programarekin. Gaur goizean egikaritu dute akordioa Idiazabalgo udaletxean Jon Iñaki Betolaza, jaurlaritzako Osasun saileko Farmazia buruak; Miguel Angel Gastelurrutia, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko lehendakariak eta Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak. Aurora Milla Idiazabalgo farmazialariak ere parte hartu du agerraldian. Idiazabalekin batera, Alegiako udalerria ere gaur atxiki da programara.
Sendagaiak errazago eskuratzea, tratamendua behar bezala betetzen dela bermatzea eta medikazioaren erabilera eta atxikidura hobetzea dira programaren helburu nagusiak. Horretarako herri bakoitzeko farmaziek etxez etxeko laguntzailearekin edo zaintzaile nagusiarekin elkarlanean jardungo dute sendagaiak eskuratu, kontserbatu eta ematearekin zerikusia duen alderdi guztietan.
Elkarlanaren balioa
Gastelurrutiaren iritziz «zerbitzu interesgarria» da, gaur egun estalita ez dagoen behar bati erantzuten dion aldetik. «Sendagaiak kudeatzerako orduan arazoak dituzten pazienteak daude, adineko pertsonak, bakarrik bizi direnak, sendagai hartzea ahazten zaienak…» azaldu du. Tokian tokiko gizarte zerbitzuen eta farmazialarien arteko elkarlana da programa honen arrakastaren gakoetako bat. Gizarte langileek hautatuko dituzte zerbitzuaren erabiltzaileak eta ondoren, farmazialariak elkarrizketa bat egingo die zerbitzu pertsonalizatu bat emateko, «erabiltzaile bakoitzari hartu beharreko sendagaien blister bat entregatuko dio egun eta jatorduka antolatuta», azaldu du.
Programa 2009tik dago martxan, baina bultzadarik handiena 2012tik aurrera eman zitzaion. Gaur egun, 500.000 eurotik gorako aurrekontua du. Betolazaren ustez, «beharrezko» zerbitzu bat da, batez ere, erabiltzaileen profilari begiratuta; «batez beste 80 bat urteko adina duten adineko pertsonak dira, gehienak bakarrik bizi dira eta horietatik %42 emakumezkoak dira». Orokorrean, gizarte zerbitzuetako laguntza jasotzen duten erabiltzaileen artean bi kolektibo handi ezberdindu ditu, «etxez etxeko laguntza jasotzen dutenak, eta etxeko zaintzarako laguntza ekonomikoa jasotzen dutenak».
Betolazak azpimarratu duenez, programak helburu bikoitza du, «batetik, farmaziak osasun agente gisa indartzea eta haiekin lankidetzan aritzea; eta bestetik, pertsonak erdigunean jartzea haien beharrei erantzuteko eta haien bizi kalitatea hobetzeko».
Arreta hobetzeko urratsa
Idiazabalek 2.268 biztanle ditu eta farmazia bat. Akordioa sinatu ondoren, farmaziako titular Aurora Milla pozik agertu da eta ekimenaren balorazio positiboa egin du, «egunerokoan askotan ikusten dut adineko pertsona batzuk ez dutela medikazioa bukatzen, edo ez dutela argi botikak nola hartu behar dituzten. Programa honekin, espero dut pertsona guztiek botikak ondo antolatuta izatea eta medikuen jarraibideak errespetatzea», esan zuen. Farmazialariaren betebeharra izango da, hamabostean behin edo astean behin, paziente bakoitzarentzako sendagaiak dosifikazio pertsonalizatuetan prestatzea eta dosia behar bezala hartzeko beharrezko informazioa helaraztea.
Bere aldetik, alkateak programa honekin Idiazabalgo gizarte zerbitzuak eta mendekotasuna duten pertsonenganako arreta hobetzeko «beste urrats bat» eman dela gaineratu du. «Zalantzarik gabe, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileen egunerokoan ekarpen positiboa egingo duen koordinazioa indartuko dugu», gehitu du. Akordioa sinatu duten gainontzeko entitateei dagokionez esan du Idiazabalgo Udalak eskertzen duela «idiazabaldarren osasunarekiko konpromisoa eta inplikazioa».
Idiazabal izan da momentuz, etxez etxeko laguntza zerbitzua erabiltzen duten pertsonen medikamentuen erabilera hobetzeko programara batu den Goierriko azken udalerria. Idiazabalekin batera, 12 dira guztira proiektura atxikita dauden Goierriko udalerriak. Aurretik honetan dabiltza Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi, Beasain, Ordizia, Lazkao, Segura, Ataun eta Legorreta.