Bihar eman behar da izena Sorgintxuloren udalekuetarako
Uztailaren 11tik 25era izango dira aurten, Errioxako Pipaona herrian.

Udaberria ez da oraindik iritsi, baina Sorgintxulo aisialdi taldea udari begira jarrita dago dagoeneko, udalekuen prestaketekin. Urteroko kanpaldia antolatzen hasita dago, eta bihar asteazkena izango da izena emateko eguna. DBHko ikasleei zuzenduta dago, eta joan nahi dutenek 17:30etik 19:30era bakarrik izango dute izena emateko aukera, taldeak Itxaropen auzoan duen lokalean.
Gazteek izen-abizena, jaiotze data, ikasketa maila, helbidea eta gurasoen mugikorraren zenbakia eman beharko dute izena ematean, eta gainera, 60 euroko fidantza ordaindu izanaren agiria eraman beharko dute. Kanpaldiaren kostu osoa 300 eurokoa da, baina fidantza ordaintzea ezinbestekoa izango da. Zozketan plazarik gabe geratzen direnei itzuli egingo zaie diru hori.
Aurten uztailaren 11tik 25era izango da Sorgintxuloren kanpaldia, Errioxako Pipaona herrian. Iaz Sorian izan ziren Legazpiko gazteak, Talveila herrian.