Idiazabal Gaztaren Ibilbidea bertatik bertara ezagutzen
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatua eta Libe Otegi aldundiko turismo zuzendaria Ordizian izan dira gaur D'Elikatuzetiik hasten den Gaztaren ibilbidea ezagutzen.

Ordiziako Erro kooperatibak kudeatzen duen Idiazabal Gaztaren Ibilbideak aldundiaren Hain Gipuzkoa saria jaso zuen abenduan eta gaur eguerdian Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatua eta Libe Otegi, aldundiko turismo zuzendaria Ordizian izan dira saritutako ibilbidea bertatik bertara ezagutzen.
Dominguezen esanetan, Idiazabal Gaztaren Ibilbidea “oso produktu interesgarria da” Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarentzat, “Gipuzkoako barnealdea, zehazki Goierri, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeetara kalitatezko turismoa erakartzea lortu duelako. Turismo horrek errespetu handia dio gure ingurune naturalari eta eskualde horietan bizi diren pertsonei”.
Era berean, “produktu turistiko honek gure nortasunari balioa” ematen diola uste du, “kasu honetan, Idiazabal gaztaren elaborazioaren inguruan dagoen tradizio osoa, eta jasangarritasuna du ardatz”. Ibilbideak bisitariei aukera ematen die “Idiazabal gazta ospetsua egiteko prozesua bertatik bertara ezagutzeko. Gazta hori gure gastronomiako produktu garrantzitsuenetako bat da, eta bisitatzen gaituztenen ezagutza kulturala aberasteaz gain, bertako ekoizleentzako aberastasun-iturri ere bihurtzen da”.
Turismo fluxua
Horrezaz gain, “hamar urteko ibilbidean zehar, Idiazabal Gaztaren Ibilbideak turismo-fluxuak hobeto banatzen eta batez besteko egonaldiak handitzen lagundu du, eta horrek bultzada handia eman dio tokiko ekonomiari; izan ere, inguruko ekoizleentzat aberastasuna sortzeaz gain, aberastasun-aukerak ere sortzen ditu, baita lanpostuak ere”.
Horregatik guztiagatik, “bidezkoa da Hain Gipuzkoa sarien lehen edizioak ibilbide honen sustatzaileek egin duten lan eskerga aitortzea, Gipuzkoa erreferentziazko helmuga turistiko jasangarria izan dadin”.