Larunbatean irekiko da Euskaraldian norbanakoek izena emateko epea
'Elkar mugituz egingo dugu' lelopean egingo da aurten laugarren Euskaraldia, maiatzaren 15etik 25era.

Elkar mugituz egingo dugu lelopean egingo da aurten laugarren Euskaraldia. Data berriarekin dator gainera: udazken-negu girotik, udaberri-uda giroan egingo da IV. Euskaraldia, maiatzaren 15etik 25era bitartean. Entitateek dagoneko izena emateko epea zabalik dute, baina norbanakoen txanda, larunbatean, martxoaren 15ean irekiko da. Euskaraldia.eus webgunean dago aukera.
Euskaraldia euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala da, norberak norberetik egin dezakeena, edo entitateek (denda, taberna, enpresa, elkarte…) elkarrekin egin dezaketena. Euskararen erabileran urratsa eman nahi duten guztiek parte har dezakete. Euskara gehiago, pertsona gehiagorekin eta gehiagotan egiteko jarrerak bultzatu nahi ditu.
Goierriko herrietan Euskaraldia prestatzeko lanean ari dira buru-belarri lan batzordeak sortuta. Ordizian, Miriam Amubieta dinamizatzailea ari da koordinazio lanean.
Ahobizi eta Belarriprest
Amubietak azpimarratu duenez, aurtengo Euskaraldiaren aldaketa nagusia, datarena da: «Ikusi baita udaberria garai hobea zela horrelako ariketa masibo bat egiteko, denok ere errazago gabiltzalako kalean, jende ezberdinarekin harremantzeko, eta beste ilusio bat piztu nahi zelako udaberrira pasatu zen».
Norberak euskararen erabileran zein jarrera izaten duen eta izan nahi duen hausnartzeko garaia da bere ustez Euskaraldia, eta jarrera aldaketa horretan, euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egiteko erronka horretan, Ahobizi edo Belarriprest izan nahi duen aukeratzeko garaia.
Hausnarketarako garaia ere bada Euskaraldia: «Bakoitzaren euskararen erabilera egunerokoan zein den, eta zein pauso eman ditzakeen erabilera hori areagotzeko. Horretarako erronka txiki batzuk jar daitezke, Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratuta». Aurten ere Ahobizi eta Belarriprest rolak egongo dira eta bakoitzak erabakiko du zein rol aukeratzen duen.
Izan ere, Amubietaren esanetan, rol bakoitza aukeratzea, jarrera bat aukeratzea da. «Ahobizi rola, lehenengo hitza denekin euskaraz egitea, euskaraz dakiten guztiei euskaraz egitea, eta euskaraz ulertzen digun edozein pertsonari euskaraz egitea da, nahiz eta berak gaztelaniaz erantzun». Eta Belarriprestaren rola, aldiz, «malguagoa» dela adierazi du: «Belarriprest-ek aldiro erabakitzen du norekin eta noiz egin euskaraz eta Ahobizik, berriz, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo du».
Hikaldiarekin bat egingo dute aurten Ordizian. «Horren harira, apiril aldera hika ikastaro bat antolatzeko asmoa daukagu».
Ordizian Euskaraldiko lan taldeetan parte hartu nahi duenak edo zalantzak argitu nahi dituenak Amubietarekin jar daiteke harremanetan: 747 403 378 – ordizia@euskaraldia.eus.