Lenbur Fundazioak 'After' liburua aurkeztuko du ostegunean
Cesar Novella Alba eta Fermin Diez de Ulzurrun egileak aurkezpenean izango dira. Bikuña jauregian da hitzordua, 19:00etan.

Lenbur Fundazioak After liburua aurkeztuko du etzi osteguna Bikuña jauregian, 19:00etan. Cesar Novella Albaren eta Fermin Diez de Ulzurrunen lana da After, eta paisaia industrialaren eraldaketa eta haren arrastoei ematen zaion esanahia aztertzen ditu.
Ekitaldi hau «burdinaren, mailuen… eta bertako iragan industrialaren inguruko ikerketa sakonago baten abiapuntua» izango dela iragarri dute Lenburreko ordezkariek. Hain zuzen, After lana Novella artistak eta Diez de Ulzurrun arte komisarioak egingo duten ikerketa baten barruan kokatzen da. Bien artean ikus-entzunezko materiala, lan grafikoak eta eskultorikoak garatuko dituzte, eta Legazpiko paper fabrika zaharrean kokatua dagoen Fabrika gunean erakutsiko dituzte. Erakusketa hori aurtengo urtearen amaieran edo hurrengo urtean egingo dute.
Ez da lehen aldia artista eta komisario hauek elkarrekin lan egiten dutena. Oraingoan, «desagerrarazitako siderurgia zahar baten aztarnak, turistentzako parke bihurtuak» izan dira bien hausnarketarako bidea, eta «falta den horrek uzten dituen oihartzunak» aztertzeari ekin diote.