Anker legazpiarrak, Wacken metal jaialdiko Espainiako finalerdietan
Txapelketaren iparraldeko kanporaketan joko dute larunbatean, Asturiasen. Aimar Metal izango dute ondoan, gitarrarekin.

Anker musika talde legazpiarra Alemaniako Wacken metal jaialdiari begira Espainian antolatu duten lehiaketaren iparraldeko final erdietarako sailkatu da, eta larunbat honetan, hilak 15, defendatu beharko du finalerako hautagaitza. Corvera herrian (Asturias, Espainia) izango da kontzertua, El Llar antzokian, 19:30etik aurrera.
Guztira hamar taldek joko dute, eta Itinerum arrasatearrak ere lehian izango dira. Gainerako lehiakideak Hour-Glass, When Evils Come, Electrikeel, Sound Of Sielnce, Rise Of The Shadows, Blaze The Trail, Ms. Misery eta Bifrost dira.
Metal Battle Spain da txapelketaren izena, eta azken edizio honetan 135 taldek eman dute izena. Guztien artean egindako aukeraketan, lau final erdietan joko duten 40 taldeak aukeratu dituzte, eta Anker talde legazpiarra iparraldekorako aukeratua izan da. Beste hiru kanporaketak Katalunian, Madrilen eta Andaluzian dira. Bakoitzetik talde bana joango da maiatzean edo ekainean Bartzelonan egingo den finalera. Eta finala irabazten duenak, Europako metal jaialdi handiena den Wacken Open Air-en jotzeko aukera izango du. Aurten, uztailaren 30etik abuztuaren 2ra ospatuko da.
Anker taldeko kideak oso pozik daude larunbateko hitzorduarekin, are gehiago Aimar Metal gitarra jotzailea laguntzen izango dutelako. Diabulus in Musica taldeko gitarra jotzailea da berez Aimar Metal, baina lehiaketa honetarako eta datozen kontzertuetarako, Ankerrekin joko du, Eneko Altzelai baxuarekin, Joanes Legarda-ereño gitarra jotzaile eta ahotsarekin eta Jon Unzurrunzaga bateriarekin batera.
Wacken txapelketaren ondoren, Bizkaiko Portugaleten joko dute hilaren 22an, Groove aretoan, eta aurrerago, apirilaren 25ean, Lazkaoko festatan.