Goierri Rallysprinta bertan behera
Arrazoi ekonomikoengatik zein boluntario faltagatik atseden hartuko dute Lazkaoko Ikullu Racing eskuderiako kideek.

Bertan behera utzi dute urte luzeetan goierritar rally zaleentzat martxoko hitzordu garrantzitsua izan den ekimena: Goierri Rallysprinta, eskualdeko automobilismo denboraldiko bigarren lasterketa. Hamargarren edizioa izango litzateke asteburu honetan balitz, baina, Ikullu Racing eskuderiako kide den Eneko Nazabalek adierazi du aurtengoan «atsedenaldia» hartuko dutela.
Batetik, «kostu ekonomiko handia» suposatzen duen ekimena dela adierazi du, eta kostuak igotzen doazen heinean, «laguntzak paraleloki igotzen ez direla» ziurtatu du: «Ekonomikoki dena geroz eta garestiagoa da, batez ere segurtasun aldetik… -anbulantziak-». Bestetik, aitortu du antolatzaileei geroz eta zailagoa zaiela «antolakuntzarako prest» dauden boluntarioak bilatzea: «Lan handia eskatzen duen ekimen bat da, bai egunean bertan eta baita aurreko prestaketetan ere, eta horretarako jendea behar da». Hala ere, nabarmendu du ez dela «erabateko» erabakia izango: «Datorren urtean berreskuratuko bagenu, X. edizioa litzateke, eta gogotsu gaude zerbait berezia egiteko».
«Boluntarioak bilatzeak lan handia eskatzen du, bai egunean bertan eta baita aurreko prestaketetan ere, eta horretarako jendea behar da»
Eneko Nazabal. Ikullu Racing eskuderia
Goierri Rallysprinta, baina, ez da Ikullu Racing eskuderiak antolatzen duen urteko automobilismo proba bakarra; Goilurrak Rally ekimena antolatzen dute Azkoitiko Errebueltie eskuderiarekin kolaborazioan. Aurtengoan, baina, esandako arrazoiak medio, bigarren hau izango da aurrera eramango duten bakarra, eta ekainaren 15ean ospatuko da. Egun hori aprobetxatuko dute, era berean, urtero antolatu izan duten Ibilgailu Klasikoen X. Topaketa egiteko.
Helburu solidarioa
Ekimen sendoa izan da bederatzi urte hauetan Goierriko Rallysprinta, eta ez bakarrik sorrarazten zuen ikusminarengatik; urte luzeetan zehar helburu solidarioa duen proba bakarrenetakoa izan da, behar bereziak dituzten elkarteentzat etekinetako diru osoa bideratuta.