Morez jantzita egin dute beste behin, Ttipi-ttapa Ormaiztegin
Oin Harriak jubilatu elkarteko kideek eta San Andres herriko eskolako ikasleek elkarrekin egin dute. Antolatutako beste ekintzen artean, 'Ztandap' umorezko bakarrizketa saioa ikusteko aukera izango da igandean.

Joan den asteburuan ospatu den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Ttipi-ttapa morea egin dute beste urte batez Ormaiztegin. Atzo goizean elkartu eta egin zuten asteroko ibilaldia Ttipi-ttapako kideek, baina ez zen ohikoa izan.
Belaunaldi arteko ibilbidea egin zuten, Oin Harriak jubilatu elkarteko eta San Andres herri eskolako ikasleek elkarrekin. Ibilaldia musikaz lagunduta egin zuten; guztira 55 bat pertsonek parte hartu zuten.
Emakumeen bilgune
Baina ez dira hor amaituko Martxoaren 8aren bueltan Ormaiztegiko talde eta eragile ezberdinek elkarlanean antolatu duten egitaraua. Ostiralean, esaterako emakumeen arteko hizketaldia egingo dute (18:00etan gizarte etxean) mokadutxo batekin lagunduta eta Zumalakarregi museoak gidatuta. Aurten, herriko dendariak eta ostalariak izango dira protagonista; Ramoni Urbiztondo, Lorea Lakunza, Iosune Begiristain, Maria Begiristain, Elena Ugalde, Mari Karmen Azpiazu eta Casilda Arnaizek hartuko dute parte guztien izenean.
Larunbatean, martxoak 15 Emakumeak Scenarios erakusketan familientzako saioa antolatu dute Zumalakarregi museoan, 16:30etik 18:30era. Asteburuko ekintzekin amaitzeko, igandean, martxoak 16 Ztandap umorezko bakarrizketa saioa ikusteko aukera izango da 18:00etatik aurrera, gizarte etxean.
Egitaraua astearteko irakurle taldearen saioak itxiko du aurten. 2024ko Igartza Literatur Sarien irabazlearen, Lizar Begoña idazle bizkaitarraren Mundu zitalaren kontra izango dute hizpide Miriam Lukirekin, 18:00etan, gizarte etxean.