Ordiziako Azokako Next Generation diru laguntzen azken fasea aurkeztu du udalak
Musika eta wifi instalazioak eta arreta puntua, ekitaldietarako gunea, sukalde mugikorra eta hondakinen kudeaketarako elementuak aurkeztu dituzte. Jada martxan zeuden takila adimentsuak merkatarien eskura jarri dituzte.

Next Generation diru laguntzekin finantzatutako Ordiziako Azokaren Eraldaketa Digital eta Iraunkorrerako Planaren exekuzioa amaitu dute, eta gaur azken faseko instalazioak aurkeztu ditu udalak Plaza Nagusian, azoka egunez.
Hainbat arlotako ekintzak bildu ditu planak, udalaren esanetan, “merkatuari, merkataritzari eta merkatariei eta udalerriari kontsumitzaileen beharretara egokitzeko eta merkataritza eredu digital, iraunkor eta erakargarri baterantz aurrera egiteko aukera emango dietenak”.
Azken fase horretan, lau berrikuntza nabarmendu dituzte. Lehenik, plazako musika eta wifi instalazioak egokitu dituzte. “Ordiziako Azoka asteazkenetan girotzeko eta plazan urtean zehar egiten diren ekitaldi desberdinetan erabili ahal izateko musika instalazioa” jarri dute Plaza Nagusian; eta wifi instalazio irekia martxan dago dagoeneko Plaza Nagusian zein Beti Alai frontoiko eremuan, “azokako saltzaileen konexio beharrei erantzuteko eta herritarrei eskainiko zaien zerbitzu gehigarri gisa”. Wifia herritarrentzat ere irekia da, Ordizia_wifi izenarekin, baina jakinarazi dute eduki desegokietarako sarbidea mugatu dutela (tabakoa, alkohola, drogak, apustuak, pornografia, indarkeria…).
Horrez gain, plazarako pop up elementu berriak egokitu dituzte: erabiltzaileari zuzendutako arreta puntua, herriari buruzko informazio turistiko zein azokako postuen inguruko informazioa eskaintzeko eta merchandising-a salgai jartzeko; ekitaldietarako pop up korner-a, garaiko produktuak aurkezteko, tailerrak egiteko eta bestelako ekitaldietarako gunea izango dena; eta sukalde mugikor bat jarri dute, gastronomia erakustaldietarako, errezetak aurkezteko eta bertan kozinatzeko aukera emango duena.
Hondakinen kudeaketarako elementu berriak ere gehitu dituzte, azokako hondakinen kudeaketa errazteko. Eta azkenik, udaletxe azpian dauden takila adimentsuak merkatarien eskura jarri dituzte, “nahiz eta asteazkenetan lehentasuna azokako saltzaileek izango duten”.