Segurako 28. Iparra-Hegoa kultur astea, ate joka
Martxoaren 24tik 30era egingo dute 'Ele-berriak' lemapean, egitarau oparoarekin. Bihar jarriko dituzte salgai bertso afarirako, gazte bazkarirako eta herri bazkarirako txartelak.

Urruñako (Lapurdi) Pausu auzoko Xaia ostatuan Erramun Martikorenak eta Patxi Saizek martxoaren 7an eman zuten kontzertuarekin abiatu zen ofizialki 28. Iparra-Hegoa kultur astea. Ekitaldi horren ondoren, ohi bezala, Segura izango da topalekua nagusia. Aurten martxoaren 24tik 30era ospatuko dute Ele-berriak goiburupean.
Iparra-Hegoa kultur elkarteko antolatzaileek jakinarazi dute bihar, martxoak 13, jarriko dituztela salgai bertso afarirako, gazte bazkarirako eta herri bazkarirako txartelak.
Bertso-kantu afariko txartelak 25 euro balio –soldatarik ez dutenek 20 euro–, gazte bazkariarenak 22 euro –soldatarik ez dutenek eta umeek 17 euro– eta herri bazkarirako txartela 25 euro da –soldatarik ez dutenek eta umeek 20 euro–.
Egitarauari errepaso
Martxoaren 24a Urruñako ikastolako haurrei harrera eginez hasiko dute, eta Euskaldun berriak hitzaldiarekin itxi.
Urruñako eta Segurako haurrek elkarrekin ekintzak pasako dute martxoaren 25a, eta Euskalduntzea gizarte likidoan hitzaldiarekin borobilduko dute eguna.
Martxoaren 26an sukaldaritza tailerra egingo dute Kuko jatetxeko Iñaki Telleriarekin.
Baionako Bernat Etxepare kolegioko ikasleei egingo diete harrera martxoaren 27ko arratsaldean, eta iluntze-gauen bertsoa eta kantua izango dira festaren ardatz.
Asteburuaren atarian, martxoaren 28an egun osoko egitaraua dute aurretik, eta Alarma Morea eta Kode taldeen kontzertuarekin borobilduko dute eguna.
Kultur asteko larunbatean, martxoaren 29an, gazte bazkaria (15:00) eta Zetkin eta Balantza taldeen kontzertuak (23:00) izango dituzte.
Martxoaren 30an, igandean, bukatuko da 28. Iparra-Hegoa kultur astea. 13:00etan Gereziondoko ekitaldia dute eta 15:00etan herri bazkaria. Arratsaldea Imuntzok eta Belokik girotuko dute.