Bigarren fasean sartu da Sidenor ohiko lursaila berroneratzeko proiektua
Sprilur sozietate publikoa ari da proiektua lantzen. Fase honetan egingo diren lanek 13 hilabeteko iraupena eta 5 milioi euroko aurrekontua dute. Besteak beste, Urola ibaia azaleratuko dute.

Legazpin Sprilur erakundeak kudeatzen duen Sidenor ohiko 90.882 metro koadroko industria eremuan integratutako lursail baten urbanizazio osagarriaren bigarren fasea abian jarri berri dute. Lanek 13 hilabeteko iraupena izango dute, eta 5 milioi euroko aurrekontua.
Fase honetan Urola ibaia azaleratuko dute. Horretarako, altzairutegi zaharrari erantsitako eraikinak eta hotzean ijezteko eraikinaren zati bat eraitsiko dituzte. Lan horien ondorioz sortzen diren zuloak estaltzeko, bertatik ateratako materiala erabiliko dute. Eraikinak eraitsi eta gero, ibaia azaleratuko dute, 120 metro inguruko luzeran, eremuaren behe aldean. Ibaiaren jatorrizko egoera berreskuratzea da helburua, eta horretarako, zazpi metro inguruko altuera izango duten paretan eraikiko dituzte ertzetan, urak bideratzeko. Bestalde, industria eremu berrian uholdeak saihesteko, zubi bat eraikiko dute ibaia azaleratu ezin den sarrerako biribilgunearen eremuan. Gainera, ibaiaren eskuineko ertzean pasealeku bat egingo dute, Zumarragarako noranzkoan, bidegorriarekin lotu arte.
Lan horiez gain, Sprilurrek harguneak, lur mugimenduak, ur bilketa, saneamendua eta instalazio elektrikoa berrurbanizatu eta egingo ditu.
Proiektuaren balorazioa
Sidenor ohiko industria eremu hau berrurbanizatzeko proiektuan “erabakigarria” izan da Legazpiko Udalaren eta Sprilurren lankidetza. Bigarren fase hau hasi denean, bi erakundeetako ordezkariak izan dira bertan, lanak ikusten. Udalaren aldetik, Eric Galvez alkatea eta Amaia Aizpurua zinegotzia izan dira, eta Sprilurren aldetik, Txaber Ouro zuzendari nagusia.
Obrak bisitatu ondoren, balorazioa egin dute bi alderdiek. Alkatearen iritziz, “Legazpirentzat ez ezik, eskualde osoarentzat ere estrategikoa izatea nahi dugun eremua berreskuratzera gehiago hurbilduko gaituen mugarri baten aurrean gaude. Oraindik gogoan dut 2009ko udan, oraindik ikaslea nintzela, beste hainbat bizilagunekin batera, kalera nola atera ginen Sidenorren itxieraren aurka manifestatzera. Legazpiko Udalak, gertakari mingarri hartatik ia 16 urte igaro direnean, baikortasunez eta ilusio handiz hartu du obra hau. Gure esku dagoen guztia egin dugu berreskuratzea aurrera eraman ahal izateko”. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari eta Sprilurri eskerrak eman zizkien “Legazpiren aldeko apustua” egiteagatik. “Hainbat erakunderen arteko lankidetzak eskaintzen dituen emaitzen adibide argia da hau”.
Ouro Sprilurreko zuzendari nagusiak, berriz, “degradatutako lurzoruak berreskuratzea eta jarduera ekonomikorako espazioak izateko beharrari irtenbidea ematea” erakundearen “lehentasuna” dela nabarmendu zuen. “Horrela, Euskadin berroneratutako lurzoru industrial gehiago eta hobea izatea da gure helburua. Sidenorrek Legazpin betetzen zuen eremu hau ingurumenari, ondareari eta garapen ekonomikoari dagokienez lurzorua babesteko dugun konpromisoaren adibide garbia da. Ziur gaude jarduketa hau Legazpin eta Urola Garaian ekonomia eta industria berriaren eragile eta sortzaile bihurtuko dela”.
2018an erositako eremua
Sprilurrek 2018an erosi zuen 1ia 00.000 metro koadroko lursaila Industrialdeak Birgaitzeko Planaren barruan. Legazpiko eremu hori birgaitzeko proiektu osoak 15 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du. 2021ean hasi zuen garai eremu hori berrurbanizatzeko eta berrantolatzeko lehen fasea. Orduan, berrurbanizazio lana egin eta azalerak eta bideak hainbat lursailetan kotatu zituen. Era berean, ingurua zerbitzu azpiegituraz hornitu zuten, espazio, espaloi, bidegorri eta aparkaleku zabalagoekin.
Eremu horrek Babes eta Kontserbazio Bereziko Plana ere jasotzen du, Legazpiko ondare historiko industrial gisa, eta horrek eraikin eta egitura batzuen kontserbazioa eskatzen zuen. Hala, 2023an, garai bateko fabrikako jatorrizko bi tximinien birgaitze lana amaitu zuten. Legazpiko Industria Ondarea Kontserbatzeko Planaren barruan babes maila gorenenarekin katalogatuta zeuden tximiniak. .