Oroith abesbatzak 40. urteurrena ospatuko du
Martxoaren 23an hasiko dira ekitaldiak. Pedro Gaztañaga artista ordiziarrak diseinatu du logotipo berria.

Ordiziako Oroith abesbatzak –bai abesbatza mistoak eta bai haur abesbatzak ere– 40. urteurrena ospatuko du martxoaren 23an hasita. Urtean zehar antolatu dituzte ekitaldi ugari antolatu dituzte, beste abesbatza eta artista batzuekin elkarlanean.
Abesbatzarentzat bakarrik ez, Katrin Iturralde zuzendariarentzat ere urteurren berezia da, 25 urte baitaramatza Ordiziako abesbatza zuzentzen. “Abesbatza mistoaren zuzendaritza hartu aurretik, Oroith Txiki zuzendu zuen 1994an hasita, eta 2000an Amalia Ibañez eta Gorka Aierberen lekukoa hartu zuen. Harrezkero, Oroith Abesbatza gorenera eraman du, sari ugari lortuz eta koruaren eta Ordiziaren izenak nazioarteko agertokietara eramanez”.
Egitaraua
- Martxoaren 23an: Kontzertua Legorretan, Andoaingo udal eskolako abesbatzarekin batera.
- Apirilaren 12an: Urteurreneko kontzertu handia 50 koralista ohi baino gehiagoren, Tolosako Hodeiertz Abesbatzaren eta Amets Bide Dantza Taldeko dantzarien parte-hartzearekin. Oroithen 40 urteko historiaren irudiak proiektatuko dira, ondoren afaria eta ospakizun-festa.
- Maiatzaren 10ean: Kontzertua Castro Urdialesen.
- Maiatzak 17: Idiazabal Gaztaren Kofradiaren urteko kapituluan parte hartzea.
- Ekainaren 7an: Ikasturte amaierako kontzertua Ordiziako Plaza Nagusiaren 100. urteurrenaren barruan.
- Uztailaren 12tik 16ra: Pragara bidaia kontzertu bat eskaintzeko, Cervantes Institutuak gonbidatuta.
- Irailaren 14an: Joxean Goikoetxearen Lau haizetara musikala, Imanol Larzabalen omenez, Ordiziako Euskal Jaietako ekitaldien barruan.
- Azaroan: 40. Barroko Aire zikloan parte hartuko dute.
Urteurrena eta musika berria
Oroith abesbatzak ere “modu berezian eta musikal batean” ospatu nahi du efemeride hau: “Junkal Guerrero andoaindar konpositoreari enkargatutako obra baten estreinaldiarekin. Pieza, Nota bakoitza zubi bat da izenekoa, abesbatza mistorako eta haurrentzako idatzia da eta Pedro Gaztañagaren testu bat du. Konposizio berri honekin, abesbatzak sorkuntza garaikidearen eta euskarazko errepertorio koralaren aberastearen aldeko apustua berresten du. Abesti hunkigarria da, sorkuntza originala, baina abesteaz gozatzen duen edonorentzat ereserki bihurtzeko sortua”.
Logotipo berria
40. urteurrena gainera, Pedro Gaztañaga artista ordiziarrak diseinutako logotipoarekin borobilduko dute. “Harmoniaren eta aniztasunaren sinboloa” izan nahi du. “Diseinu honek koruaren ezaugarri diren inklusio- eta harmonia-balioak islatzen ditu, gizarte kohesionatu bat sinbolizatzen duen patroi abstraktu batekin. Musika koralean oinarrituta, giza silueta estilizatuek ahotsen aniztasuna irudikatzen dute, eta, bat egitean, harmonia kolektibo aberasgarria sortzen dute”.
Era berean, “ikuspuntu artistiko batetik, logotipoak pentagrama musikala gogorarazten duten bost lerro ditu, oreka kromatiko eta formalarekin, koruaren barruan lankidetza eta elkarrizketa printzipioak transmititzen dituena”.

Atzo iluntzean aurkeztu zuten 40. urteurreneko egitaraua.Oroith abesbatza