Xabin Fernandez, Audiogile Berrien finalean
Legorretarraren 'Zure ilunetan' lana izan da aukeratua, beste hiru lanekin batera. Orain hiru hilabeteko epea izango du proiektua ontzeko. Maiatzaren amaieran emango dute erabakia.

Donostiako Tabakaleraren eta EITBren Audiogile Berriak egitasmoaren finalera iritsi da Xabin Fernandez Zubeldia legorretarra, Zure ilunetan lanarekin. Legorretarrarekin batera, Gaizka Sarasua eta Iraia Irazustaren Kurruka Enea eta Jon K. Sanchezen Zure eskaera, prest” daude finalisten artean. Euskarazko soinu fikzioa sustatzea helburu duen egitasmoa da Audiogile Berriak
Behin finalista izendatu ondoren, martxoaren 21ean hasi eta bi hilabetez Donostiako Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian izango dira proiektua bukatzeko. Katixa Agirre eta Jose A. Perez Ledo idazle eta gidoilarien eta Haritz Lete musikariaren laguntza izango dute, banakako tutoretzen bidez. 2.000 euroko diru laguntza izango dute proiektuak garatzeko (Tabakaleraren kontura).
Azkenik, hiru lanetako bat ekoitzi eta zabalduko du EITBk. 2025eko maiatzaren amaieran emango dute epaia, eta aukeratutako proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izango du ekoizpenerako.
Xabin Fernandez legorretarrak 39 urte ditu eta Orendainen bizi da. Kazetaritzaren munduan hainbat urtez aritu ostean, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean formatzen eman ditu azken urteak. “Ordutik, interpretazioaren munduan ere ari naiz lanean”.
Idaztea ere gustuko du: “Idaztea ere betidanik egon da interesen artean. 2023an neronek idatzitako Kanpora sartzen antzerki obra estreinatu genuen. Aitziber Garmendiak zuzenduta, GIB birusaren inguruko kontakizun pertsonala da protagonista. Txalo konpainiak ekoitzi du obra”.
Horretaz gain Famiglia (Donostiako Poltsiko Antzerki jaialdian saritua 2024) eta Hirurak telefonoari begira (KRESALA saria Pabellon 6n Bilbon, 2024) idatzi ditu. “Azken aldian, umorezko bakarrizketak idatzi eta taularatzen ditut baita ere”.
Antzerkiaz gain, telebistarako eta Irratirako ere “lan ugari” egindakoa da. “Azken lanen artean: BT2025 galako zuzendaria, Gaztea sariak galako gidoilaria edo Ardi Beltzak saioaren gidari eta zuzendaria”.