Euskaraldia antolatzeko bilera irekia asteartean, Idiazabalen
Idiazabalgo Udalak euskararen erabileran eragiteko ariketa sozialean parte hartzera deitu ditu herritarrak eta elkarteak.

Maiatzaren 15etik 25era egingo da aurten Euskaraldia. Euskararen erabilera aktibatzeko ekimena da, euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza ohiturak aldatzeko mugimendu soziala, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Herritarren hizkuntza praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.
Goierriko beste hainbat udalek bezala, Idiazabalgo Udalak ere bat egin du ekimenarekin eta bertan parte hartzera bultzatu nahi ditu herritarrak eta elkarteak, haiek gabe ez baitago dinamika sozialik. Hori dela eta, bilera ireki bat antolatu du martxoaren 18an, 18:00etan, udaletxeko Areto Nagusian.