Ezkioko zabor gune berrien balorazio positiboa egin du udalak
Errekabarrenako ekarpen gunean irailean itxi zuten “erabilera desegokiagatik”. Araneko ekarpen gunearen “jarraipena” egiten ari da udala. Ezkioko kaskoak Arhindegi ostatuarentzako zabor bilketa gune bat jarri dute.

Errekabarrenako ekarpen gunea ixteko erabakia hartu zuen irailean Ezkioko Udalak, bertan egiten zen “erabilera txarragatik”, ordu hartan azaldu zuenez. Sasieta Mankomunitatearekin elkarlanean, udalak Errekabarrenako edukiontziak Santa Lutzi auzoko hiru gunetan banatzea erabaki zuen: Errekabarrena, Iturgain eta Etxeberrialde kaleetan.
Zaborra biltzeko gune berriak jarri eta hilabete batzuetara Joseba Telleria alkateak balorazio positiboa egin du, “proba moduan hasi ginen. Oraindik ere une puntualetan ari dira zabor poltsa batzuk edukiontzietatik kanpora agertzen, baina lehengo ekarpen gunean zegoen desastre hura desagertu da”, esan dio GOIERRIKO HITZARI.
Herritarrei eskertuta
Errekabarrenako ekarpen gunearekin alderatuta, oraingo bilketa guneek badituzte aldeak, onerako eta txarrerako. “Estetikoki ez da polita”, onartu du alkateak, baina “gauzak ondo egitea ere denon ardura da”, gogorarazi du. Herritarrei eskerrak eman nahi dizkie emandako erantzunagatik eta Sasietak ere aldaketa “oso modu positiboan” baloratu duela azpimarratu du: “Beraiek uste zutena baino hobeto funtzionatzen ari delako”.
Itxuran irabazi ez arren, “erosoagoa” dela uste du alkateak, orokorrean, “gertutasunean irabazi” dutelako. Aldaketa, gogoratu du Santa Lutzi auzoan bakarrik egin dela, “beste puntuetan ez da beharrik izan ondo funtzionatzen duelako”. Hala ere, Araneko bidegurutzeko ekarpen gunean bai udala eta baita Sasieta “jarraipena” egiten ari direla aurreratu du “tarteka modu desegokian utzitako hondakinak agertzen direlako”, esan du.
Argindegiko bilketa gunea
Ildo beretik, orain aste batzuk Ezkioko kaskoan, Argindegi ostatuarentzako zabor gune bat egokitu du udalak. Udalak ohar bidez gune hori “soilik” ostatuko erabilerarako dela gogorarazi die herritarrei eta orain arte bezala, herritarrek zaborra ohiko garbiguneetan utzi behar dutela azpimarratu du.