Hiru urtetako tradizioari jarraipena
Gaur hasiko dira Olaberriko III. Gazte Festak. Gazteak «gogotsu» dira festei hasiera eman eta «herria berpizteko». Egun arrakastatsuak espero dituzte.

Udaberriarekin batera gero eta jai gehiago datoz Goierrira, eta aurtengoan ere, Olaberriko Gazte Festen hirugarren edizioa ospatzera doaz. Olaberriko Gazte Taldea da festa hauen bultzatzailea eta bertako kideek adierazi dute festa hauen ilusioa eta gogoa «gero eta gehiago indartu» dela taldearen barruan. 2018an, Olaberriko San Joan Txikitako festen ondoren, gazte talde bat elkartu zenean jaio zen Olaberriko Gazte Taldea.
Hasieran, festak antolatzea ez zen soilik «herriko tradizioaren segida» izan, gazteek elkarrekin gozatzea, herrian giroa sortzea eta komunitatearen parte aktibo bihurtzea baitzuten helburu: «San Joan Txikitako festa batzuetan gazte talde bat elkartu eta gazte talde bat sortzeko beharra zegoela ikusi genuen». Geroztik, egonkor jarraitu duen proiektua izan da. Aurtengoan bi helburu gehitu nahi izan dizkiote: batetik, «Olaberrian festarako giroa badagoela erakustea», eta, bestetik, taldeak etorkizuna izan dezan, gazteak taldera erakartzea, sortu dutena «ez dadin iraupen laburreko proiektu batean geratu».
Aurten, zapiak
Antolakuntzari dagokionez, taldeak hainbat erronkari aurre egin behar izan die urteetan: aurreneko urtean «zalantza handiak» izan zituzten, ez baitzekiten jendeak nola erantzungo zuen horrelako ekimen baten aurrean. «Behin erantzun positiboa ikusita, antolakuntza lanak askoz errazagoak egin zaizkigu», azaldu dute. Esperientziak, beraz, «taldearen motibazioa eta ilusioa sendotu ditu»; irakaspenak baliatuta, aurten dena behar bezala aurrera ateratzeko «prest» daude. Horregatik, «egitarauak ez du berezitasun handirik» izango aurtengoan, aurreko edizioetan egindakoaren antzeko proposamenekin. «Gustura» daude aurreko urteetako emaitzekin, eta «bide beretik» jarraitzeko apustua egin dutela nabarmendu dute; aurtengoan, halere, kamisetak ordezkatu eta zapiak atera dituzte.
Herriaren babesa
Egunaren prestaketetan, herriko bestelako kolektiboen laguntza ere ezinbestekoa izan zaiela aitortu dute: «Asteburu hau antolatzeko laguntza jasotzea ezinbestekoa izan zaigu». Horretan udala, Arkupe elkartea, Pala taldea eta herritarrak norbanako gisa «subjektu aktibo» izan direla ziurtatu dute: «Komunitatearen laguntza ezinbestekoa da, baita taldekideen ahalegin pertsonala ere». Gazteen proiektu orok aurrera egiteko, «lankidetza eta elkartasuna» funtsezko ezaugarritzat azpimarratu dituzte, eta aurtengo edizioan ere hala izango dela berretsi dute.
Antolatzaileen ustetan, «festak ez dira bakarrik asteburu bat», baizik eta Olaberriko gazteen eta herritarren arteko «esperientzia partekatua»; Gazte Festek tradizio berria sortzeaz gain, «herri bizi baten erakusleiho» bihurtu dute Olaberria, gazteen «konpromisoari eta ilusioari esker». Argi dute: gazteak hemen daude, lanean eta ospatzen, eta Olaberria, erritmo bizian, bizirik dagoela erakutsiko dute.
Martxoak 14
- 19:30: Triki poteoa (Iñaki Larrañaga eta Imanol Insausti).
- 21:00: Bertso afaria (Mikel Etxezarreta, Aratz Igartzabal eta Iban Urdangarin).
- Ondoren. Trikitilariak.
Martxoak 15
- 12:00: Poteo herrikoia.
- 18:30: Txozna irekiera.
- Ondoren. Sagardo dastaketa.
- 19:00: Elektropikala elektrotxaranga.
- 21:00etatik aurrera: Bokadilloak salgai.
- 23:00: Kontzertuak: Sukena, Trikidantz eta Dj Bull.
Martxoak 16
- 17:00: Herria txukuntzea.