Indarreko LABek "benetako segurtasun neurriak" eskatu dizkio enpresari
Kontzentrazioak egin dituzte Ingeteam taldeak bertako zuzendaritzarekin batera hartutako hainbat erabaki salatzeko.

Indarreko LABek “benetako segurtasun neurriak” eskatu dizkio enpresari, eta kontzentrazioak egin ditu Prebentzio gehiago, itxurakeria gutxiago lemapean. Prebentzio eta segurtasunaren alorrean azken aldian Ingeteam taldeak bertako zuzendaritzarekin batera hartutako hainbat erabaki salatu nahi izan dituzte.
“Izan ere berriki Indarreko langileak behartuak izan gara prebentzioaren ikuspuntutik justifikatu gabe dauden zenbait neurri hartzera. Norberaren babeserako ekipo (NBE/EPI) diren betaurreko eta txaleko islatzaileak denbora guztian jantzita eraman behar ditugu orain, ilea jasota eta belarritakoak kenduta izateaz gain”, adierazi du Indarreko LABek ohar bidez.
Sindikatuaren esanetan, denbora daramate prebentzioaren alorrean Indarrek duen jarrera salatzen: “Prebentzioko Komitearen eraginkortasunaren alde lanean nahiz beharrezkok direla deritzogun segurtasun neurrien alde borrokan”.

Arratsaldeko txandakoen elkarretaratzea.Indar LAB
Neurriak hartzeko eskaria
Substantzia kantzerigenoa den formaldehidoaren auzia, labe zaharren ke isuri neurrigabeen arazoa, prebentzio eta segurtasuneko langileen ordezkarien baztertzea… aipatzen ditu LABek. “Asko eta oso garrantzitsuak dira LABen ustez Indarrek eta Ingeteam talde osoak Beasaingo plantan hartu behar lituzken neurriak. Laneko segurtasunaren alorrean jarrera eta norabide aldaketa oso bat eskatzen du honek, segurtasuna eta langileon osasuna ekoizpenaren aurretik jarrita”.
Sindikatuaren arabera, “azken inposizioarekin pisuzko neurri esanguratsuak hartu ordez”, Ingeteamek talde mailako erabaki bat hartu du: “Beasaingo plantako inongo arrisku ebaluaziotan oinarritu gabe, ustezko prebentziozko neurriak hartu ditu. Arduraz beharrean itxurakeriaz jokatu du”.
LABek dio ez duela enpresaren jarrera onartzen, eta benetako segurtasun neurriak hartzeko eskatzen dio, “langileon osasuna delako jokoan dagoena”.